Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako 'Literatura eta Musika Euskaraz' zikloa Arriagako foyerrera itzuliko da datorren astelehenean, urtarrilaren 29an, arratsaldeko 20:00etan. Amaia Zubiria abeslariak euskarazko olerki zahar eta berriz betetako gau-emanaldi musikal bat eskainiko du.
Ondoan, Edorta Amurua musikaria egongo da, gitarraz eta ahotsaz laguntzeko. Edorta Amaiaren semea da, beraz, eszenatokiaren gainean bien arteko konplizitatea nabarmena izango da.
Amaia Zubiria ezinbesteko artista da euskal musikaren historian 70eko hamarkadatik, Txomin Artolarekin batera Haizea taldeko kide zenetik eta Haizea eta Hontz gaua diskoak grabatu zituztenetik. Harrezkero karrera oparoa egin du, zinemarako musikarekin tartekatu dituelarik bakarkako 12 disko eta musika herrikoiaz osatutako bilduma bat Joxan Goikoetxea soinujolearekin batera.
Sarrerak 12 eta 15 euro artean egongo dira eta ohiko lekuetan egongo dira salgai, Arriaga Antzokiko txarteldegian, 946 850 850 telefonoan eta beraien web gunean.