Martxoaren 8ko "greba feminista" antolatzeari ekin diote

uriola.eus 2018ko urt. 26a, 10:02

Argazkia: Bilgune Feminista

Auzo, herri, hiri eta eskualde askotan burutzen ari dira asanblada irekiak martxoaren 8ko "greba feminista" ezaugarritu eta antolatzeko. Gaur eta bihar antolaketarako hiru deialdi egin dituzte Bilbon.

Hainbat herri eta hiritan, tokian tokiko antolaketa-asanblada irekietan oinarrituta, Euskal Herriko Mugimendu Feministak "plantoa" antolatu zuen iazko martxoaren 8an. Bilbon, ehunka emakume izan ziren "heteropatriarkatuaren aurka enplegu, zaintza eta kontsumo etenaldia" ordu erdiz egin zutenak. Horietako asko Kale Nagusian elkarretaratzean bildu ziren Bilboko Koordinadora Feministaren deiari erantzunez.

Aurtengo martxoaren 8rako, "greba aurreikusten da", diote Bilgune Feministatik. "Kontsumo, zaintza eta lan produktibo zein erreproduktiboetan planto egiteko deia luzatzen ari da munduko lurralde askotan", eta "Euskal Herria ere batu da nazioarteko deialdira".

Zonaldeka batzartuz ari dira hausnartzen eta erabakiak hartzen "greba feminista ezaugarritu eta antolatzeko". Bilbon, bihar, hilak 27, 10:30ean hitzordua jarri dute La Bolsa udaltegian. Asanblada irekia da, eta nahi duen orok parte har dezake. 

 

Ikasleak ere martxan

Sindicato de Estudiantesek ere bat egin du martxoaren 8ko greba proposamenarekin, eta "indarkeria matxistaren aurkako ikasleen greba" deitu du. Gaur, ostirala, sindikatuak asanblada egingo du "greba prestatzeko", 17:30ean, Deustuko Bidarte udaltegian.

Bizkaiko ikasle feministek ere asanblada irekia egingo dute gaur, La Bolsa udaltegian, 18:30ean. 

 

 

[2017-03-08] Ehunka emakume elkartu dira Bilbon "berdintasun erreala" exijitzeko

[2017-03-08] Ordu erdiko "enplegu, zaintza eta kontsumo etenaldia" egitera deitu dituzte emakumeak