Zinegoak jaialdiko epaimahaiak aukeratu dituzte

uriola.eus 2018ko urt. 26a, 09:34

Otsailaren 19an hasiko den Zinegoak jaialdiak bere 15. ediziorako epaimahaiak aukeratu ditu. Fikziozko atalean Ester Martin, Carlos Rios eta Esther Cabero egongo dira; dokumentalen atalean, berriz, Raquel Marques, Maria Luisa Municio eta Koldo Atxaga izango dira epaileak.

Zinegoakek bere 15. edizioa ospatuko du otsailaren 19tik martxoaren 4ra arte. Programazioaren osagai nagusiak zinema ona eta sexu aniztasuna izango dira. Aurten, lehenengo aldiz, jaialdiaren antolatzailea sortu berri den Zinegoak elkartea izango da. Izan ere, azken urteetan jaialdiak hazkunde nabarmena izan du. 10.000 bisitari baino gehiago izan zuten iazko edizioan eta bere proiekzioa Euskal Herrian eta nazioartean gero eta handiagoa izaten ari da. Aurtengo epaimahaia ere eboluzio horren islada garbia da.

Fikziozko epaimahai ofiziala

- Carlos R. Rios (La Seu d'Urgell, Lleida, 1968). 2010. urtetik Bartzelonako D'A Film Festival jaialdiko zuzendaria da. "100.000 retinas" zinema-erakundean sortzaile eta sustatzailea da. Horren bidez, "Cineambigu" zikloa koordinatu zuen, Estatuan banatzailerik ez duen nazioarteko zinemari lekua eginez.

- Ester Martin Bergsmark (Suedia, 1982). Zuzendaritza onenarentzat hainbat sari jaso ditu: 43 IFF Rotterdam (Pelikularik Onena), 18 Queer Lisboa (Pelikularik Onena, Interpretaziorik Onena), etc. 2015ean, Zinegoaken bertan, Pelikularik Onenaren saria jaso zuen “Nånting måste gå sönder” (Something Must Break). Horrez gain, "Maggie Vaknar på Balkongen" (Maggie in Wonderland) edo "Pojktanten" (She Male Snails) bezalako pelikulen zuzendaria izan da.

- Esther Cabero (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981) 2011ko uztailaz geroztik, Kimuak euskal film labur banaketa eta sustapen programaren koordinatzailea da. Bere lan ibilbidea Donostia Zinemaldian hasi zuen, industria arloko arduradunaren laguntzaile bezala. 2009an Espainiako Zinema Akademiako Kultura Departamenduan sartu zen, zinema programazioan eta erakusketen diseinuan arituz.

Dokumentalentzako nazioarteko epaimahaia

Bigarren urtez, Zinegoakek beren-beregi dokumentalentzako nazioarteko epaimahaia izango du. Horrela, jaialdiak indar berezia emango die mota honetako lanei aurten ere. Epaimahakideak honakoak izango dira:

- Raquel Marques, dokumentalen errealizatzailea, ikus-entzunezko formakuntzaren alorrean lan egiten du. Bere interes nagusia intimitate espazioen eta publikoaren arteko harremanak dira. Gorputzak eraikitzen dituen esperientzietan ere arreta jartzen du. Bere lanen artean, honakoak nabarmen daitezke: A Casa que eu quero (2010), Arreta (2016, iazko Zinegoaken saria jasotakoa), F(r)icciones entre el trabajo y la vida (2017). Laboratorio Reversible zinema analogikoaren elkartearen bazkide sortzailea da.

- Koldo Atxaga, Arte Ederretan lizentziatua eta Ikusentzunezko Komunikazioan Doktorea da. UPV/EHUn irakasle dihardu, diseinu grafiko arloan. Lurraldeak eta Mugaldeak –Research on Documentary Filmmaking– taldeko kidea da. Diseinatzaile gisa, hainbat proiektu filmikoetan hartu du parte, kredituak, kartelak zein merchandisingaren egilea izanik. Zinea maite du.

- Maria Luisa Municio, Valladolideko CinHomo Jaialdiaren programatzailea eta buruetako bat. INJUVEn lan egin du, Valladolideko Kultura Zerbitzua, eta gaur egun Jesus Pereda Fundazioan lan egiten du. Horren gain, La ciudad imaginada eta Leoneko Zinema eta Telebista Jaialdiarekin kolaboratzen du. FT CyL-ko presidenteordea eta Dialogasexeko Idazkaria ere bada.

 

Era berean, jaialdiaren gainontzeko epaimahakideak elkarte, mugimendu eta erakundeetako ordezkariak egongo dira.

Off Epaimahaia (laburmetrai eta pelikula esperimentalekin lotutakoa) tokiko sortzaile eta artistez osatuta egongo da: Alaitz Arenzana artista (Sra Polaroiska), Fer Montoya (antzerki zuzendaria) eta Maria Salazar (kultur kudeatzailea eta Histeria Kolektiboa elkarteko programatzailea).

Aniztasuna eta Giza Eskubideetako epaimahaikideak honakoak izango dira: Aimar Rubio (Amnesty International),  Gorka Lopez Aranzamendi (Cine Invisible Bilboko jaialdiko kidea) eta Idoia Aldama (Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuna, Lankidetza eta Aniztasuna Zuzendaritzako ordezkari gisa, sari honen babesleak).

Lesbianismo eta Generoaren Epaimahaia hainbat elkartez osatuta egongo da. Aurreko urteetan bezala, MDMA, Aldarte eta Sare Lesbianistako kideez gain, Mosuak elkarteko ordezkariak ere gehituko dira. Euskal Aktoreen Batasunari dagokionez, bere epaimahaiaren ordezkariak Bego Guerrero, Ana Furones eta Judit Lorenzo izango dira.

Azkenik, ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren ikasleek Gazteen Saria emateko ardura izango dute. Parte hartuko duten hezkuntza-zentroak honakoak dira: IEPFS Tartanga, EHUko LGTB Liga, Euskal Herriko Zinema Eskola eta IMVAL. Guztira, beraz, 50 pertsona baino gehiago ibiliko dira epaimahai lanetan.