Achucarroren pianoak Arriaga, Debussy, Ravel eta Falla omenduko ditu

uriola.eus 2018ko urt. 26a, 09:53

Argazkia: E.Moreno Esquibel

Arrakastatsua izan zen duela bi urte Joaquin Achucarrok Arriaga Antzokian eskaini zuen azken kontzertua eta, etxetik kanpo ez ezik etxean ere profesta izaki, biharko emanaldirako betekada eta txalo zaparrada ziurtatuta daude. 

Debussyren, Ravelen eta Fallaren lanak eskainiko ditu Joaquin Achucarrok biharko kontzertuan. Hasi, ordea, Juan Crisostomo de Arriagaren Re minorreko Lehen Laukoteko Minuettoa interpretatuz hasiko da. Izan ere, Calixto Bieito Arriagako zuzendari artistikoak mesedea eskatu dio Achucarrori, keinu bat egiteko Arriagari bihar, urtarrilak 27, Arriagaren jaiotzaren 212. urteurrenean. Pianistak keinu berezi hori egingo dio konposatzaileari, beste behin ere pianoaren aurrean duen birtuosismo dotorea erakutsiko duen kontzertuaren hasieran.

Joaquin Achucarroren ospeak ez du mugarik ezagutzen eta bere tokia munduko piano-jotzaile garrantzitsuenen artean dago. Horren isla, 2015eko urrian, Diapason aldizkari frantsesak oso aintzatespen berezia eskaini zion bere grabazio bat 'Les 100 plus beaux disques de piano de tous les temps' izenekoan sartu zuenean, Rachmaninoff, Horowitz, Rubinstein, Cortot, Richter, Arrau, Gould, Larrocha, Brendel, Argerich, Pollini, Perahia edo Zimerman bezalako pianista garrantzitsuak biltzen dituen zerrendaren barruan. Zehazki, Bernard Herrmann autorearen Concerto Magambre piezaren interpretazioa txalotu zuen aldizkari frantzesak, zera adieraziz: "Joaquin Ach0carrok sonoritateei arreta berezia eta dotorezia eransten dizkio, teklatuaren sakontasunean urruntasunezko agonia ikutu goibela musika bihurtuz. Liluragarria". 

Eta gutxi balitz, International Astronomical Union (IAU) izenekoak, 2131 mini-planetari Joaquin Achucarro izena jartzea erabaki zuen, musikariaren ibilbidea omentzeko. Aintzatespen bitxia, baina artista unibertsal horren oihartzuna argi eta garbi erakusten duena. Chicago Sun Times egunkariak "the consummate artist" gisa definitu zuen.

 

Bilbotik mundura

Achucarrok izen eta ospe garaiena du nazio eta nazioarte mailan, une garrantzitsuz betetako musika ibilbideari esker. Bilbon jaio zen 1936an, eta 2004an Hiriko seme kuttun izendatu zuten. Ikasle garaian nabarmentzen hasi zen, eta nazioarteko sariak irabazi zituen Espainian, Frantzian, Italian eta Suitzan. 1951n, 15 urte baino ez zituela, Joaquinek bere lehenengo kontzertua eman zuen, Vercelliko lehiaketa irabazi ondoren, Wolfgang Amadeus Mozarten piano eta orkestrarako Re minor kontzertua interpretatuz, Bilboko Orkestra Filarmonikoak lagunduta. Baina 1959an Liverpooleko (Ingalaterra) Nazioarteko Lehiaketa irabazi eta Royal Festival Hall izenekoan, London Symphony Orkestrarekin izan zuen lehen emanaldi txalotuaren ondoren egin zuen gora nabarmen bere nazioarteko karrerak. 

Ordutik, Achucarro etengabe aritu izan da kontzertuak eskaintzen nazioartean, 61 herrialdetara helduz, areto askotan arituz, errezitaldietan zein bakarlari gisa, 200 orkestra baino gehiagorekin. Orkestra horien artean Berlin Philharmonic, Chicago Symphony, New York Philharmonic, La Scala di Milano, Orchestre de Montreal, National de France, Tokyo Philharmonic, RIAS Berlin, Tonkünstler Wien, Txileko, Mexikoko, Kolonbiako, Venezuelako orkestra nazionalak eta, jakina, Espainiako orkestra guztiak daude. 350 zuzendari baino gehiagorekin aritu da, eta horien artean Claudio Abbado, Sir Adrian Boult, Riccardo Chailly, Sir Colin Davis, Zubin Mehta, Sir Yehudi Menuhin, Seiji Ozawa edo Sir Simon Rattle azpimarra ditzakegu, beste askoren artean. 

Sari asko jaso ditu Falla, Granados, Ravel eta Brahms bezalako konposatzaileen lanekin egindako grabazioak direla eta, eta baita aintzatespen asko ere. 1989ko abuztutik Dallaseko (AEB) Southern Methodist University izenekoaren J.E.Tate Katedra du, eta irakasle lanak bere kontzertu agenda estuarekin uztartzen ditu. 

2000n Artist for Peace izendatu zuen UNESCOk Parisen, bere "lan artistiko bikainaren" aintzatespen gisa. Sienako (Italia) Accademia Chigianako Accademico ad Honorem da, eta Espainian Arte alorreko ohore nagusiak jaso ditu: Arte Ederren Urrezko Domina, Musika Sari Nazionala eta Meritu Zibilaren Ordenaren Gurutze Nagusia. 

2008an, Dallaseko pertsona eta erakunde talde batek Joaquin Achucarro Foundation izenekoa eratu zuen, "artista eta irakasle gisa utzitako legatua iraunarazteko", Achucarroren ikasle diren piano-jotzaile gazteei euren ibilbideen hasieran lagunduz. 

 

Sarrerak

Salgai daude kontzerturako sarrerak 10,50 eta 35 euro artean lehiatilan, www.teatroarriaga.eus helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez.