Bilboko Udal Eskola Kontseiluari planto egin diote

uriola.eus 2018ko ots. 1a, 08:22

Argazkiak: ieepanaiz.blogspot.com.es

Udal Eskola Kontseiluaren "funtzionamendua eta balioa zalantzan jartzeko", Euskal Eskola Publikoko hainbat eragilek plantoa irudikatu dute azkenengo Osoko Bilkuraren aurrean.

Sare publikoko Bilboko ikastetxeetako guraso, familia eta irakasleek hainbat egoera salatu dituzte, besteak beste, "azpiegitura arazoak eta espazio falta, gaizki planifikatutako obrak, matrikulen eta plazen aurreikuspen falta, inklusioaren aldeko apustu argirik eza edota Udalarekin ikastetxeko ordutegitik kanpo ikastetxearen espazioaren erabilera optimizatzeko aukera eza". 

Urtarrilaren 30ean, La Bolsa auzo etxean egindako protestan "Bilboko ikastetxe publikoen defentsa" egin zuten. Izan ere, kolektibo honen iritziz, ikastetxe pribatuen hazkuntzari "erraztasunak" ematen dizkioten neurrian, sare publikoko ikastetxeen sorrerari eta handiagotzeari "trabak" jartzen dizkiote. Horrela bada, ikastetxe pribatuetako ikasleen proportzioa gero eta handiagoa da Bilbon, "41/59 zifretara heldu gara", Europako proportzio altuenetakora. 

Aldaketarako bideak aurkitzeko prest agertu dira, hain zuzen ere, "ikasle guztien beharrei erantzungo dien sare publiko indartsua izateko" lanerako prest.  

 

Iturria: ieepanaiz.blogspot.com.es