Istiluetan erabili ohi duen materiala erabili zuen Poliziak itsasoan, Ceutako kostatik gertu, "itotzen ari ziren pertsonen aurka". "Gutxienez", 15 hildako izan ziren "tragedia" hartan. 2014ko otsailaren 6an Tarajal hondartzan gertatuta ez dute ahaztu Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako lagunek, eta "aurten, are gutxiago", kausa bigarrenez artxibatu dutenean epai-auto batek horrela aginduta.
Laugarren urteurren honetan, "zoritxarreko egun hartako biktimak" gogoratu eta oroimena bizi mantendu nahi dute. Era berean, egungo migrazio politikak salatuko dituzte, baita "miseria eta heriotza eragiten duen testuinguru militarizatua eta fronteren itxiera ere". Plataformako ordezkari baten arabera, Europako hegoaldeko mugan "oraindik ere", itzulketak 'berotan' egiten dira. "Ez dugu nahi itsasora bizitzarik jaurtitzea ez gorputz mutilaturik hesietan. Inor ez da legez kanpokoa, baina 'berotan' egiten diren itzulketak bai, legez kanpokoak dira".
Larunbatean Duintasunaren V. Martxa 15:30ean abiatuko da, eta Tarajal hondartzako kai-muturrean bukatuko da. Goizean, biktimak omentzeko, Samba, un nombre borrado dokumentala proiektatuko dute.
Helena Malenori elkartasuna
Aste honetan Marokoko justiziaren aurrean mafiekin hitzartzea leporatuta deklaratu behar izan duen Helena Maleno ekintzaileari elkartasuna adieraziko diote biharko egunean. Malenok "penintsulara heltzeko euren bizia arriskatzen duten horiei laguntzen diela", azaldu dute elkarteek.
2017an 3.000 heriotz baino gehiago izan dira Mediterraneoan. Horietatik, 223 gutxienez penintsulara itsasotik heltzeko ahaleginean ari ziren lagunak. Malenoek dioen bezala, "bizitzeko eskubidea interes ekonomiko eta migrazio kontrolaren gainetik dago. Bizitzeko eskubidea kriminalizatzen da eta, Europan, prozedura judizialak zabaltzen dira elkartasuna kriminalizatzeko eta mugetatik lekuko deserosoak ezabatzeko. Bizitza defendatu eta bizitzak salbatzen dituen oro ezin da epaitua izan. Babestu egin behar da, Estatu espainiarra izan behar da lehen pertsona horiek babestu behar dituena".