Abian da Bilbon Emakumeen I. Topaketa Generoari eta Energiari buruz izeneko ekimena helburu bikoitzarekin. "Batetik, emakumeak eta sexu aniztasuna adierazten duten pertsonak energiaren sektorearen botere-esferetatik kanporatuta daudela eta gure eredu energetikoak emakumeengan inpaktu bereiziak eragiten dituela salatzea da eta, bestetik, trantsizio energetiko bidezkoago eta iraunkorragoaren alde lan egiten ari diren emakumeak bistaratzea".
Topaketako partaideen arabera, egungo eredu energetikoa "zikina da, insegurua, oligopolikoa, ekozida eta bidegabea, baina, gainera, matxista eta falokratikoa ere bada". Eta euren iritziz, hain zuzen ere, azken bi ezaugarri horiek ez dira ezbaian jartzen. "Ondorioz, desberdintasunak areagotzen dituzten jokabideak eta egoerak birsortzen dira, bai sektore energetiko tradizionalaren botere-guneetan, bai eredua aldatzeko proposamenak gauzatzen ari diren guneetan, eta oztopo handia da hori emakumeen partaidetzarako".
Urtearen erdi aldera, Gobernuak, oposizioak, CCOOk eta UGTk gizonezko 14 aditu aukeratu zituzten, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea diseinatuko duen batzordea osatzeko. Egitate hori dago, hain zuzen ere, Emakumeen Lehenengo Topaketa Generoari eta Energiari buruz ekimena sustatzen ari den taldearen sorburuan. "Herrialde osorako bide-orria, 14 gizon adituk idatzia, emakume bat ere egon gabe".
Trantsizio energetikoan diharduten emakume askorentzat, "inflexio-puntu bat" izan da egitate hori. Izan ere, alderdiek, enpresek, gizarte-erakundeek eta energiarekin lotutako mugimenduek emandako erantzuna onartezintzat jo dute: "Ez dute batzordea ukatu, eta, areago, zilegitasuna aitortu diote. Sektorean nagusi den matxismoaren adierazgarri onartezina da jarrera hori, gure ikuspuntutik".
Gaur, topaketaren lehenengo egunean hainbat hitzaldi ireki izango dira, Energia eraldatzen duten emakumeak: beste bazterkeria baten historia eta berdintasunerako aukerak izenburupean. Topaketaren gainontzeko jardueretan emakumeek bakarrik parte hartuko dute. Jarduera horietan egoeraren diagnostiko parte-hartzailea egingo dute, eta trantsizio energetiko ekofeminista bultzatzeko tresnak landuko dituzte.
Partaideak
Guztira, 150 bat partaide izango dira topaketan. Topaketaren talde sustatzailean honako erakunde hauetako emakume profesional edota ekintzaileek hartzen dute parte: Euskal Herriko Unibertsitatea, Xarxa per la Sobiranía Energètica, Som Energia, Ekologistak Martxan, Tradener, Mesa de Transición Energética de Cádiz, Ingeniería Sin Fronteras, Plataforma por un Nuevo Modelo Energético, Gure Energia, Europako Parlamentuaren Bilboko bulegoa, Movimiento Ibérico Antinuclear, Alianza contra la Pobreza Energética, Ongawa, Foro Extremeño Antinuclear, Observatorio Crítico de la Energía eta Ecologistas en Acción.