"Berriz ere", Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideek beharra ikusi dute Hezkuntzak bizi duen "egoeraren larritasuna" jendarteratzeko. Prentsaurrean adierazi dute, Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuek LOMCE "bete-betean" aplikatzen jarraitzen dutela, izen horrekin edo Heziberrirekin, Hezkuntza komunitatearen eta eragileen gehiengoaren eskaerei "muzin eginez". Bi gobernuek lege eta dekretu horien ezarpenean aurrera egitea erabaki dute, diotenez, "kanpo ebaluazio sistema aplikatu eta inposatzea erabaki dute". Eta horren ondorioak "larriak" dira ikasleentzat, eskola komunitate guztiarentzat eta "gure herriarentzat".
La Bolsa auzo etxean esandakoaren arabera, "beste behin ere", Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailek "ebaluazio sistema propio eta hezitzailearen norabidean pausoak emateari uko egin diote, eta kanpo interesei erantzuten dien ebaluazio-kalifikazio sistema aplikatzea erabaki dute".
Lau hilabetetan sei azterketa
Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideek jakin berri dute, aurten ere, azterketa eta errebaliden "karrera zoro batetan murgiltzera kondenatu nahi dituztela" hainbat ikastetxe. Aurtengo "oztopo lasterketa", martxoaren 5ean hasi eta ekainean bukatuko da. "Azterketaz beteriko lau hilabete". Sei azterketa: ISEI-IVEIren ebaluazio diagnostikoa LHko 4.mailan eta DBHko 2.mailan; LOMCE/Heziberri LHko 6.mailan eta DBHko 4.mailan; PISA 15 urteko ikasleentzat; eta Selektibitatea Batxilergoa bukatzean.
ISEI-IVEIrenak alde batera utzita, gainontzeko guztiak ikastetxetik kanpo erabaki dira, "gure sistematik at. Ikastetxearen ibilbide eta planei kanpotik ezartzen zaizkien azterketak dira; ikastetxeen ezaugarri zein errealitateak eta berdin ikasleenak ere kontutan hartu gabe inposatzen diren azterketak dira. Madrilen erabakitakoak dira. Egoera itogarri hau jasangaitza da".
Ebaluazio sistema propioa
Hezkuntza Plataformen Topagunearen baitan, "ebaluzioa hezitzaileaz" aritu ziren hausnartzen iaz. Orain, iaz ireki zuten bidean berretsi eta "gure herriarentzako ebaluazio sistema propioaren aldarrikapena" egin nahi dute. Era berean, "kalifikazio eta etiketatzeak baztertuko dituen ebaluazio hezitzailearen aldeko mezua" zabaldu dute.
Horregatik, eta irizpide horiek oinarri hartuta, aurten ere, planto egiteko deia luzatu dute: "Madrilen erabaki dituzten, inposatuak zaizkigun, eta inongo eragin akademikorik ez duten azterketei planto. Planto inposatutako LOMCE/Heziberriren ondorio diren LHko 6.mailako eta DBHko 4.mailako azterketei, zein planto PISA azterketei".