Loraldia 2018

Zeri kantatzen diogu euskaldunok?

uriola.eus 2018ko ots. 5a, 13:07

Rafa Rueda

Gotzon Barandiaran idazlearen eta Rafa Rueda musikariaren Zeri kantatzen diogu euskaldunok? izeneko ikastaro-musikatuak emango dio hasiera datorren martxoaren 5ean Loraldia Festibalari, hilabete barru, hain zuzen ere.

Badator Loraldia Festibalaren 4. edizioa. Martxoaren 5aren eta 26aren artean ospatuko da eta, beste behin ere, Bilbon eta udaberrian, euskal kultura eta euskarazko kultur proposamenik berritzaileenak izango dira protagonista.

Hainbat ikuskizun eta hamaika protagonista izango dira edizio berri honetan, mota askotarikoak, gainera. Imanol Agirre zuzendari artistikoak azaldu zuenez: "Antxon Abbadia berpiztuko dugu berriro ere, oraingoan Txomin Heguyren bitartez; Ruper Ordorikaren kantuak azukre koxkor bihurtuko dituzte euskal musika unibertsoko hainbat izarrek; Kukai dantza konpainiak Oteizaren lanaren inguruko koreografia berezia eta bakarra antzeztuko du; Imanolen kantuak jazz estiloan entzungo ditugu; Izaro kantariak lan berria aurkeztuko digu; Mursego eta Amorante maitaleak bihurtuko zaizkigu; Mikel Martinez aktoreak bere tabernariaren bigarren izaerari eutsiz, kaña bat ondo 'botatzen' erakutsiko digu; Mireia Gabilondok, Silvia Pathen testua hartuta, amatasunaren inguruko hiru emakumeren bizipenak taularatuko ditu; Estitxu kantariari omenaldia egingo diote beste hainbat euskal musikarik; testua, musika eta bertsoak elkartuko ditugu… eta horrela 34 ekitaldi baino gehiago osatu arte".

Loraldia Kultur Elkarteak, ekoizpen propioak sortzeko konpromisoarekin jarraituz, oraingoan ere estreinaldi bereziak aurkeztuko ditu. Horrez gain, Loraldia Eskolaren uztaren zati bat ikusteko aukera emango dute: 2018ko edizioan bi proposamen taularatuko dira: Gernikako bonbardaketari buruzko pastolara, Gernikako San Fidel Ikastolako ikasleen eskutik; eta Lauro Ikastolako 7 kantu, 7 lur, 7 kontu ikuskizuna.

Bilbronx ekimenaren edizio berria izango da, sormen mota berriei aukera eman eta gazteei begira. Bronxetik Bilbora etorritako kale kultur eremu honetan hainbat adierazpenei emango diete lekua: rap eta hip hop kontzertuak, street dantza eta Euskal Herriko BeatBox txapelketa, besteak beste.

Kaleko dantzari dagokionez, Dena Bilbao taldeak erakustaldi eta tailerra plazaratuko ditu. Rap kontzertuak Gatom kantari bermeotarraren, Kirrinka Krewen eta Selektah Stepi Meetsen eskutik izango dira. Euskal Herriko BeatBox III. txapelketako epaileak Estatu espainiarreko onenetakoak (Zekkka, Fredy eta Cobli) izango dira, eta hauek ere erakutsiko dute euren trebetasuna. Ikuskizunaren gidaria eta aurkezlea Rayco Sanchez izango da.

 

Lorazainak

2017an Lorazainen komunitatea jarri zuen martxan Loraldia Elkarteak festibala lagundu nahi duten norbanakoak biltzeko xedez. Lorazain izateak ez dio inolako baldintza edo egin beharrekorik suposatzen norbanakoari. Ostera, hainbat abantaila eta aukera eskaintzen dizkio: lorazainen komunitateari zuzentzen zaizkion ikuskizun eta ekintza bereziez gozatzeko aukera; ikuskizunetako sarrerak prezio berezian eta aldez aurretik erosi ahal izatea; ikuskizunei buruzko informazioa lehentasunez jasotzea; opari bereziak eta abar.

Edizio honetan ere horrelakoak izango dira eta, adibidez, ikuskizun baten emanaldi berezia izango dute Lorazainek eta beste batean oparitxo bana jasoko dute. Lorazain egiteko aukera urte osoan zehar martxan da.