Aratusteak 2018

Bilboko Konpartsak: "Mundu guztia gonbidatzen dugu Aratusteetan parte hartzera"

uriola.eus 2018ko ots. 9a, 12:03

Gaur 'epaituko' dituzte 2018ko Farolin eta Zaranbolas Plaza Barrian, auzi publikoan. Bihar, berriz, egunik handiena izango da mozorroen kalejirarekin. Azkenik, igandean, indaba lehiaketa antolatu dute.

Farolinen eta Zarambolasen epaiketa

Otsailaren 9an bi pertsonaien atxiloketarekin hasiko da festa arratsaldeko 19:00etan Udaletxean, ondoren Plaza Barrian epaiketa egingo zaie, eta amaiera 21:00 aldera izango du Santiago Plazan egingo zaien irain publikoarekin.

Aratuste-zapatua, egunik handiena 

Otsailaren 10ean izango da eta bi jai gune izango ditugu: lehena, eguerditik 19:30era, bost gunez osatua egongo da: Plaza Biribila, Albia, Astarloa-Kale Nagusia eta Zabalguneko Merkatua. Bigarrena, 19:30etik aurrera, kalejiran Plaza Biribiletik jaitsita eta Zazpi Kaleetan zehar zabalduko dena.

Bilboko Konpartsek EAJ alderdiak ekitaldi politiko propio baterako deia egin duela salatu dute. Ekitaldi hori Bilboko Aratusteen larunbat erregularrean izango da, jaiaren bihotzean eta unerik jendetsuenetakoan. Bilboko Konpartsek EAJren "oportunismoa" salatu eta Aratusteak guztionak direla aldarrikatu dute; jeltzaleen "kontraprogramazioa" zentzugabea dela adierazi dute. 

Indaba Lehiaketa

Otsailaren 11n, igandea: urteroko Indaba Lehiaketa egingo dugu Plaza Barrian.

Sardinaren hileta

Otsailaren 13an, asteartea: aratusteen amaiera sardinaren hileta eta erreketarekin Arriaga Plazan.