Rachmaninov, Prokofiev, Stravinsky, Sibelius, Fallak eta beste konposatzaile askok Europako Gerrartean aurretiko moldeak berritu zituzten. "Soinu parametroak ezarritako sistematik emantzipatu ziren", Josune Ariztondo Bilbao 700 fundazioaren zuzendariaren arabera. "Askatasun irrikaz, edertasuna bilatu zuten konbentzioetatik urrun" jardun zuten. Horregatik diote adituek 1914-1945 bitartean Europan sortu zen musika "berritua, anitza eta agorrezina" dela.
Bada, konposaketa horiek dira 1.500dik gora musikarik, profesional eta amateurrek, Euskalduna Jauregian lau egunetan interpretatuko dituztenak, ordubetez goiti luzatzen ez diren 70 saiotan, eta prezio onean –lau eta hamabi euro arten–. Sarrerak gaurtik aurrera salgai egongo dira.
Martxoaren 1ean eskainiko da lehen kontzertua BOSekin, Bilboko Koralarekin, EASO Abesbatzarekin, Johanna Russanen sopranoarekin, eta Kevin Greenlaw baritonoarekin, Erik Nielsen izango dela zuzendari. Jean Sibeliusen Kullervo opus 7 interpretatuko dute.
Martxoaren 4an, hiru emakumek bat egingo dute kontzertu berezian. Judith Jauregui piano-joleak, Lina Tur Bonet biolin-joleak eta Nadege Rochat biolontxelo-joleak, hain zuzen ere.
Ohi bezala, musikazaleek kontzertu-sorta zabalarekin ez ezik jarduera paralelo ugarirekin ere, bertako zein nazioarteko artista ezagunen parte-hartzearekin, gozatzeko aukera izango dute.