Alaitasunari eta arau-hausteari gorazarre egiteko deia zabaldu dute hiritarren artean Bilboko Aratusteetako pertsonaia nagusi izango diren Mikel Martinezek eta Elena Caballero La Basu-k. "Gora haragia, alaitasuna eta bizitza", ohikatu dute. Izan ere, inaute egunetan "arauak apurtzeko eta mugak gainditzeko zirrikituak" daude, "espazio berriak aztertzeko aukera". Betiere, besteen espazioa aintzat hartuta. Horregatik denek entzuteko moduan ozen esan dute: "Ez dugu eraso sexistarik nahi. Ez, beti da ez". Ildo horretan, inauterietan sortzen diren zirrikituetan errespetuz, inteligentziaz eta umorez zirikatzeko eskatu diete bilbotarrei. Zirikak, baina, bi noranzko izan behar dituela ahaztu gabe, bai besteak zirikatzeko noranzkoa bai norbera zirikatua izateko noranzkoa.
Epaiketa
Gaur, ostirala, 19:00etan Udaletxetik abiatuko dira auziperatuak. 19:30ean 'epaituko' dituzte 2018ko Farolin eta Zaranbolas Plaza Barrian, auzi publikoan. Mikel Martinez, Bilbon jaioa izan gabe, "bilbotar harroputza" izateagatik eta "beti urrunago" joan nahi izateagatik. La Basu, berriz, "gibel-handia" eta "ondo bizia" izateagatik. Salaketa horien aurrean, "errudun" direla aitortuko dute biek ala biek, baina aurreratu dutenez, kontrako arrazoi batzuk aurkeztuko dituzte "zigorra arintze aldera". 21:00etan bilbotarren irain publikoa jasan beharko dute Santiago Plazan.
Epaiketaren ostean, 22:30ean, Asier Bilbao showman-ak ikuskizuna eskainiko du Plaza Barrian.
Parte hartzeko eta gozatzeko mezua
Hurrengo egunetarako haizea, euria eta elurra iragarri dute Bilbon. Eguraldi makurra inauterietarako. Hori horrela, Jai Batzorde Mistoak "mimo handiz" prestatuko ekimenetan "hotz eta elur guztien gainetik parte hartzeko eta gozatzeko" mezua zabaldu du.