Europa League lehiaketan bueltako partidua jokatuko du etxean, San Mamesen, ostegunean, Athleticek Errusiako Spartak Moscvaren aurka. Hori horrela, faxismoaren kontrako ekintzak antolatu dituzte Bilbon bai asteazkenean bai ostegunean Herri Norte Taldeak, EH Donbassek eta Sare Antifaxistak. Deialdiarekin bat egin dute Ezkerraldea Hintxak, Harrapari Taldea, Marcelo Bielsa Peña, Gabarra Team, Piratak Athletik, Siriaren Alde, Txarraska Gaztetxea, 7ak Bat, Ezkerraldea Antifaxista eta EH Antifaxistak.
Izan ere, Errusiako zaleak ezagunak dira Europako norgehiagoketan arazoak sortzeagatik. Eragile antolatzaileek adierazi dutenez, "ez da lehen aldia faxismoa gure hiriko kaleetan zehar immunitate eta askatasun osoz barreiatzen dela". Denboraldi honetan Realaren eta Zenit Errusiako taldearen arteko partiduan gertatutakoa oroitu dute: "Duela ez asko Donostin, errusiarren eskutik jasandako erasoak edo hispanitate egunean burututako aldarrikapen faxistak ditugu adibide".
Beraz, "honako eszena hauek ez errepikatzekotan, gaurkoan, futbolaren esparruan murgildutako faxismoari erantzutea dagokigu", aldarrikatu dute. Ildo horretan, bi ekimen antolatu dituzte. Lehenengoa otsailaren 21ean izango da, 20:00etan. Bilboko kaleetan zehar kalejiran ibiliko dira, Moyua plazatik hasita, Faxismoa Bilboko kale eta harmailetatik at lelopean.
Hurrengo egunean, partiduaren egunean, 19:00etatik 20:00etara, Sabino Arana etorbidearen eta Rodriguez Arias kalearen arteko gurutze-bidean, "elkarretaratze antifaxista" antolatu dute. Norgehiagoka gaueko 21:05ean hasiko da, eta zale zuri-gorriei bertaratzeko gonbidapena luzatu diete: "Parte hartzera animatzen zaituztegu, faxismoari aurpegira oihukatzeko".
Aurreikuspenen arabera, Spartak Moscvaren 2.100 zale etorriko dira Bilbora. Athleticek segurtasun neurriak areagotuko ditu San Mamesen.