Gaur bukatuko dira Bilbon otsailaren 3an Kopla Txikien Lehiaketarekin hasi ziren Aratusteak. Inauterietako martitzena izaki, sardina erreko dute gaur arratsaldean Bilbon. Horrekin, amaiera ipiniko diote 10 egunetako jaiari.
Ekitaldia Plaza Barrian hasiko da 19:30ean. Sardinaren hileta Bilboko Konpartsek eta Jai Batzorde Mistoko kideek herritarren artean banatuko dituzten kandelak piztearekin bat. Alde Zaharreko kaleetan zehar, ordu erdiz, tristura eta pena adieraziko dute sardinaren ehorzketako partaideek.
Arriaga Antzokian 20:00etan piztuko dute sua sardina erretzeko eta 2018ko Aratusteei behin betiko agur esateko. Antolatzaileek, egitarauan dauden ekintza guztietan bezala, jendearen parte hartzea eskertuko dutela adierazi dute.