'3,2,1...Zinegoak!'

uriola.eus 2018ko ots. 13a, 12:27

Zinegoak Jaialdiak otsailaren 14tik 18ra arte, proiekzio, jai eta hainbat jarduera desberdin antolatu ditu Bilboko erakundeekin, elkarteekin eta mugimenduekin elkarlanean.

Zinegoak Jaialdia hasi aurretik, eta giroa berotzen joateko, '3,2,1...Zinegoak!' ekitaldia antolatu dute. Bertan, proiekzio, jai eta hainbat jarduera desberdin egongo dira. Otsailaren 14tik 18ra arte izango da, 19an, berriz, Zinegoak Jaialdiaren hasiera izango da.

Izan ere, aurten, hasierako ekitaldia Arriaga Antzokian izango da, lehen aipatutako egunean eta gaueko 20:00etatik aurrera. Leire Ruiz eta Diego Perez izango dira aurkezleak, eta Rodrigo Cuevasen emanaldi berezia ikusteko aukera egongo da.

Gau honetan Emilie Jouvet zinegile frantziarrari 2018ko Zinegoak Ohorezko Saria emango diote. Gainera, Porcupine Lake filma ikusteko aukera egongo da, Sail Ofizialari hasiera emango dion lana. Inauguraziora joateko, gonbidapenak eskatu daitezke, bai Arriaga Antzokiko txarteldegian, bai Bilboko Turismo Bulegoan. Baina, aldez aurretik, eta giroa berotzeko, hau antolatu dute:

3,2,1... Zinegoak egitaraua

  • HOCKNEY

Otsailak 14 – Asteazkena – 18:30, Guggenheim Museoko auditorioa. Proiekzioa

Dokumental honek bere belaunaldiko artistarik ezagunenetako baten bizitza berrikusten du. Aurrenekoz,  David Hockneyk bere argazki eta filmen artxibo pertsonala ireki, eta bere bizitza luzearen eguneroko bisuala, zintzoa eta aitzindaria erakusten digu.

Randall Wright zinemagile ezagunak gero eta ospetsuagoa den ezohiko artista honen irudi paregabea eskaintzen digu; 77 urterekin, eta beti izan duen karismarekin, estudioan lan egiten jarraitzen du asteko zazpi egunetan. “Esan zen Hockneyk bazuela ‘oporretako axolagabekeria’tik zerbait eta, gertuko pertsonak galdu dituen arren, axolagabekeria horren prismatik begiratzen ziola munduari, lehen aldia balitz bezala. Jarrera hori islatzea izan da nire helburua, artista handi honen inguruko misterioa eta magia ahaztu gabe”.

Guggenheim Bilbao Museoko TopARTE programaren baitan antolatutako jarduera

  •  QUEERCORE: HOW TO PUNK A REVOLUTION

Otsailak 15 – Osteguna – 19:00, Bilborock. Proiekzioa eta hitzaldia, Intifada Marikarekin elkarlanean. 

Zer gertatzen da zure komunitatea zuk nahi duzuna ez denean? Zeure buruari behin eta berriz errepika iezaiozu “baietz, existitu existitzen dela”, queer punk iraultzaileak sortu eta sortu fanzinetan, film iraultzaileak egin eta munduan bolo-bolo zabaldu… Eta, apurka, lehen sortzen zenuen komunitate hori benetako taupada erradikala bihurtuko da, eta nazioarte mailan hedatuko da.

Intifada Marika elkarte anarkotransfeminista bat da, eta Bilbon aritzen da. Queercore dokumentala baliatuz, gurekin hausnartzera gonbidatzen zaituztegu, gaypitalismoaren eta pinkwashingaren aurkako borrokan marika izaerak duen botereari buruz.

  •  LA RARA DE LA FAMILIA

Otsailak 16 – Ostirala – 19:00, Bilborock. Pikara + Sare Lesbianistarekin elkarlanean.

Gure familietan lesbofobia gaindituta dago? Heterosexualak ez garenok oraindik ikusgarritasun falta pairatzen dugu eta zalantzan jartzen gaituzte disidente izateagatik? Zer nolako estrategia eta laguntza izan behar dugu gure burua babesteko? Zer nolako familiak sortzen ditugu gozatzeko eta ospatzeko heterorsexualitatetik kanpo bizi garela? Horrelako kontuak eta bestelakoak sorpresaz jositako polifonian azaleratuko dira. Ez galdu!

Kontzertua: Road Ramos sozialki eta kulturalki konprometitutako bakarlaria da, eta “No somos producto” taldean parte hartzen du. Bere bizitza beti egon da lotuta errebeldia, banakotasun eta egiazkotasunarekin. “De chica en chica” pelikularen abesti nagusia sortu zuen (‘Perdonad que escape’) eta, horri esker, Goya Sarietan izendatua izan zen. Hainbat artista ezagunekin igo da eszenatokietara: Quique González, El niño de la hipoteca, Muerdo, Marwan eta Rozalénen teloneroa izan da.

Pintxada bollera: Euskal Herriko hainbat txokotatik dj Mon, dj Anuski, dj Jabata, dj Yoli eta dj Monse etorriko dira,  eta gauerdira arte eurekin izerdi egiteko aukera izango dugu. Horren ostean, jaia beste leku batean jarraituko dugu.

Horrez gain, Kultur Leioan Rodrigo Cuevasen emanaldia izango dugu. Cuevasek ere Inaugurazio Ekitaldian parte hartuko du, otsailaren 19an Arriaga Antzokian.

  • ALUROS PARADE

Otsailak 17  – Larunbata – 22:00etan Santiago Plazatik abiatuta. Kalejira eta jaia.

Zilarrezko Alurotxoak urruneko planeta batetik “3, 2, 1… Zinegoak!”-era datozen izaki atseginak dira.

Ezaguna da Alurotxoen nortasun bihurri eta gautxoria. Izan ere, eurentzat edozein aitzakia egokia da jai bat antolatzeko. Kontu handiz ibili bidean topatzen badituzu, euren izaera parrandazalea oso kutsakorra baita. Alurotxo batek bahitzen bazaitu, ezin izango duzu ihes egin. Eta betirako lotuta geratuko zara.

Lurreratzea 22:00etan izango da Santiago plazan, eta Alurotxoen distirak bertaratzen diren lagunak itsutuko ditu. Plazatik konga intergalaktiko bat abiatuko da High tabernaraino (gertu dagoen beste espazio-geltoki bat da). Bertan dantza egin ahal izango dugu Major Tom komandante eta Normal´s killers bere albokoaren erritmoekin.

  • ARIA

Otsailak 18 – Igandea, 19:00, Sala BBK, Proiekzioa

3,2,1…Zinegoak barruko ekitaldiei amaiera emateko, emaldi berezi bat proposatzen dizuegu, pertsona berezi baten parte-hartzearekin: Émilie Jouvet, 2018ko Zinegoak Ohorezko Saria.

Zuzendariak bere azken dokumentala aurkeztuko digu, “ARIA”; estatu mailako estreinaldia izango da. Dokumentalak, ikuspegi intimo eta politikotik abiatuz, Frantziako lesbianen amatasuna aztertzen du. Aukera paregabea Frantziako LGTBI+ kontuen testuinguru legala, politikoa eta soziala zuzen-zuzenean ezagutzeko.

Emanaldiaren ondoren izango dugun solasaldian, galderak egiteko eta zuzendaria hobeto ezagutzeko aukera izango dugu.