Sardinaren hiletan, lehen lerroan izan ziren Mikel Martinez eta Elena Caballero La Basu Bilboko inauterietako Farolin eta Zaranbolas pertsonaiak azken uneraino gorpuzten. Beltzez jantzita eta triste, astebete luzatu den Aratusteen amaieran Plaza Barritik Arriaga plazara gidatu zuten Sardinaren atzetik hileta-kalejira.
Hainbat bilbotarrek jarraitu zieten, kandelak eskutan. Une askotan kandelak eta aterkinak eskutan zituztela. Izan ere, euriak ez du atsedenik hartu aurtengo Aratusteetan. Eskerrak Bilboko Konpartsetako lagunek banatu zituzten txokolatezko sardinatxoei. Txokolate zaporeak goxotu zituen azken mozorro, ziri eta alaitasun zantzuak.
Torquemada inkisidorea eta bere laguntzaileak arduratu ziren metodo zahar eta berriekin Sardina epaitzen eta zigortzen. Inkisizioaren legeek "horrela agintzen dutelako" metodo tradizionala ezarriz zein eta "rap guda" metodo berritzailea frogatuz. Ebazpena, aurreikusitakoa: Torquemada inkisidoreak Sardina sutan erretzera zigortu zuen.
Ebazpena ezagutzera eman eta berehala hartu zuen su Sardinak, suzirien gar eta txinparta artean. Bukatu dira hortaz, Bilboko erdiguneko Aratusteak, ez ordea Bilboko auzoetan, hainbat baitira asteburuan mozorrotuko diren auzotarrak, besteak beste, Santutxu, Erribera, Ibarrekolanda, San Inazio, Basurtu, Altamira, Uribarri, Kastaños eta Bilbo Zaharrekoak.