"Udalak aldarrikatzen duen Harrera Hiria izan dadila Bilbo"

uriola.eus 2018ko ots. 14a, 11:23

Beste Bi plataformaren ekintza (artxiboko irudia)

Egunotako hotzak paisaia elurtuak utzi ditu inguruan. Baina "gure ondoan beste errealitate bat dago", Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak salatu nahi duena. Atarietan, kutxazainetan eta zubi azpian lo egiten duten pertsonena. Kale Nagusian arratsaldean egitekoa den ekintzak "ahotsik gabekoak diren persona guzti hauei, kasu gehienetan hiritarren elkarkidetasunari esker aurrera egin dezaketenei ikusgarritasuna ematea" du xede. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako lagunek ontzat jo dute Bilboko Udalak hotzaldi egunetan etxerik gabeko pertsonentzat aterpetxeetan leku gehiago egokitzea. "Baina, urtearen gainontzeko partean zehar gure kaleetan Udalaren laguntzarik gabe, udal arauek markatzen dituzten baldintzetan salbu, gaua pasa behar dutenen egoera salatzeari ezin diogu utzi", adierazi dute plataformako kideek. 

Etxebizitzarik gabeko pertsonen kolektiboan "istorio tamalgarriak" topa daitezkeela diote. Horiei erantsi beharrekoak dira "guda, gose eta mugako txirotasunetik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuen eta etorkinen istorioak". Pertsona guzti hauek "Estatu espainolaren Atzerritarren Lege negargarriaren babesetik kanpo geratzen dira". Horietako asko beste herrialdetarako bidean dira, "Bilbo hegoa eta iparraren arteko mugaren puntu estrategikoa omen delako, Europako alde honetan".

Plataformako kideek gogor kritikatu dute Aburto alkateak zuzentzen duen Udalaren jarduna: "Dirudienez, ez omen dago egoera hau leuntzeko behar haina baliabiderik, Udalaren hainbat etxe hutsik dauden arren. Udalak Harrera Hiria izatearen konpromisoa bete beharko luke, baina ez da betetzen ari, ezohiko kasuetan izan ezik, eta kolektibo sozialen presioaren ondorioz".

Kale Nagusian, Corte Ingles parean, 19:00etatik aurrera kartoi gainean eta lo-zaku barruan egitekoak diren ekintzaren bidez, "gizatasuna" eskatzea dute xede: "Kalean bizi diren edota gure etxeetan hartzen ari garen persona guztientzat beharrezkoak diren baliabideak jartzeko eskatu behar dugu. Ez bakarrik hotzaldia datorrenean. Gure zubien azpian eta gure atarietan, eskumen estatuak bertan utzitako pertsonak lo egitea lotsagarria iruditzen zaigu". Horregatik exijituko dute "Udalak aldarrikatzen duen Harrera Hiria izan dadila Bilbo". 

 

Protesta: 'Bizkaian inor ez aterperik gabe'

Protesta: 'Bizkaian inor ez aterperik gabe'