Arma salmentaren kontrako ekintzak Bilbon

uriola.eus 2018ko ots. 16a, 12:03
Gaur goizeko ekintzaren argazkia (Greenpeace)

Bahri Tabuk ontziaren inguruan protesta egin du Greenpeace elkarteak gaur goizean. Elkartekideek adierazi dutenez, itsasontziak Saudi Arabiara armak eramateko asmoa du, Yemengo gerran erabiltzeko. Portuan izan dira Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako lagunak ere arma salmenta salatzen. Bihar eguerdian Plaza Eliptikoan elkarretaratzea egingo dute.

Greenpeace eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteen arabera armak eta lehergailuak zamatu dituzte Bilboko portuan dagoen Bahri Tabuk Saudi Arabiako ontzian. Ontzi hori Bilbotik Saudi Arabiara eta Arabiar Emirreri Batuetara joango da, "armaz beteta". Hori dela eta, hainbat ekintza antolatu dituzte bai gaur bai bihar.

Lehenengoa Greenpeaceko kideek burutu dute gau goizean. Itsasontziaren inguruan kokatu dira, pankartak eskuetan. "Zibilak hiltzeko Espainia markako armak" zioen pankarta horietako batek. Beste boluntario batzuk ontziaren sokan zintzilikatzea lortu dute "zibilak hiltzeko arma gehiagorik ez" zioen pankartarekin.

Bestalde, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteako kideak ere portuan izan dira. Manifestazioa egin dute arma salmenta salatzeko. Bihar, protestari jarraipena emango diote elkarretaratzea eginez Moyua plazan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean.

 

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren komunikatua

Saudi Arabiak gidatutako koalizioaren bonbardaketek eskolak, merkatuk, etxeak, ospitaleak eta, oro har, hiritarrak dituzte helburu, 'terrorismoaren' aurkako balizko borroka baten aitzakiapean.

Yemen arabiar penintsulako herrialderik pobreena da. Barruko datuen arabera, 60.000 baino gehiago dira orain arte hildakoak eta larri zauritutakoak, zauritutako horiek, laguntza jasotzeko gabezien ondorioz, epe laburrean heriotzara kondenatuta daudelarik. Baina, datu horiek alde batera utzita, uste da askoz gehiago direla hildakoak eta larri zauritutakoak, Yemengo herri txikietan ez dagoelako haiek zenbatzeko inolako sistemarik eta musulmanek, Koranean adierazitakoari jarraituz, hildakoak berehalaxe lurperatzen dituztelako.

Airezko bonbardaketa horiez gain, koalizio inbaditzaile horrek itsasoz, lurrez eta airezko blokeo bati eusten dio, gizakienganako egoera krudel bat sortuz: bertako hiritarren % 82k giza-laguntza behar baitu, eta portzentaje horren barruan 7 milioi gosete-egoera larrian daudelako (400.000 haur desnutrizio-egoera larrian daude).

Gainera, ur-hornidurako eta saneamenduko sareak suntsituta daude, eta suntsiketa horrek kolera ekarri du, herrialde osora zabaldu dena (1.000.000 pertsona baino gehiago daude jada kutsatuta, eta egunero 7.000 pertsona gehiago kutsatu ohi dira, izurrite horrek gaur arte 2.300 hildako baino gehiago eragin dituelarik).

Hori guztia gutxi balitz, difteria ere agertu da, eta 4 hilabete inguruko epean 600 kasu baino gehiago eta 48 hildako antzeman dira. Eta egoera hori gugandik hain aparte badago ere, hemen bizi garenok badugu egoera horrekiko zerikusirik, gure portuan kargatzen baitira hilero, gure agintarien baimenarekin eta gure eskulanarekin, armak eta lehergailuak saudiarabiar ontzietan, atzo bertan egin zen moduan, ondoren Saudi Arabiara bidaltzeko, diktadura horrek nazioarteko hainbat legebiltzar eta erakundek salatu duten gerra krudel hori elikatzen jarraitu ahal izan dezan.

Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundean jakin badakigu gerrek heriotzez eta suntsiketaz gain pertsonen kanporatzea ere dakartela, ondoren babes eta aterpe bila arituko diren pertsonen kanporatzea, eta hemendik salatu nahi dugu gure portuan gertatzen den jokabide horri esker... gerra hemen bertan hasten dela!