Ekai gogoan, transfobiaren aurkako elkarretaratzea deitu dute

uriola.eus 2018ko ots. 19a, 09:04
Chrysallis EH elkartea

Joan den ostegunean hilik aurkitu zuten Ekai gazte transexuala bere herrian, Ondarroan, eta hainbat herri eta hiritan gogoratu dute azken egunotan. Gaur, Bilbon, omenaldia egingo diote 19:00etan Arriaga plazan.  

Hamabost minutuko elkarretaratze isila egin zuten Ondarroako bizilagunek joan den larunbatean, herrian bertan, Chrysallis EH elkarteak deituta. "Maite zaitugu" zioen pankartaren eta kandelekin osatutako bihotzaren inguruan bildu ziren ehunka lagun.

Aurreko astean hilik aurkitu zuten Ekai gazte transexualaren senide eta lagunei babesa erakustea zuten helburu Chrysallis EH elkarteko lagunek eta elkarretaratzera bertaratuek. 

Ondarroako Udalak "aurrera begira lanean jarraitzeko beharra" azpimarratu du eta Ekairen heriotza "alperrik izan ez dadin aurrerantzean ere bere esku dagoen guztia" egingo duela nabarmen du.

Ekaik egunero aurre egin beharreko borrokak nerabe batentzat gehiegi izan litezkeela ondorioztatu du Chrysallisek. Erregistroan izen-aldaketa lortzeko, Gurutzetako ospitaleko 'genero unitatean' inoiz heldu ez eta behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko edo institutuan bere errealitatea azaldu eta errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borrokak jarri dituzte adibidetzat.

Orain arte bezala, lanean jarraituko dutela adierazi dute, "aniztasuna ulertu eta informatuta dagoen gizartea" lortu arte. "Direnak diren eta izatea ukatzen zaien gazte guzti horiengatik lanean jarraituko dugu", adierazi dute Chrysallis elkartetik.

 

Bilbon elkarretaratzea

Eragile askok bat egin dute gaurko deialdiarekin. Ekairi agur egin eta "transfobia instituzionala" errefusatzeko ekimena izango dela aurreratu dute. "Transfobiak hil" egiten duela salatzeko.  

[2018-02-17] Bizkaia Irratia: Chrysallis EH: "Desbardinen beharren alde egitea, danon alde egitea da"

[2017-02-16] Argia: 16 urteko mutil transexual batek bere buruaz beste egin du Ondarroan