Loraldia 2018

Euskal kulturaren adierazpen berritzaileenen plaza

uriola.eus 2018ko ots. 19a, 13:14

Lau sormen-haizetara lelopean, martxoaren 5etik 26ra, 30 kultur hitzordutan sormena lau haizetara zabalduko dute Loraldia jaialdiaren laugarren edizioko 200 artista partaideek Bilboko 20 bat lekutan. 

Loraldiaren aurtengo edizioa martxoaren 5ean hasiko da euskal kantagintzari buruzko mintegi batekin eta martxoaren 26an amaituko da mintegiaren azken saioarekin. Eta bien bitartean, "kultur sormenaren plaza bilakatuko da Loraldia festibala 22 egunetan zehar", Imanol Agirre jaialdiako zuzendari artistikoak aipatu duenez. Izan ere, 30 kultur hitzordu biltzen ditu Loraldia Festibaleko laugarren edizioko egitarauak. Aurten "disziplina artistiko guztiek lekua izango dute, formatu berritzaileak, inoiz baino egoitza gehiagotan eta ekoizpen propio eta estreinaldi handiak izango ditu festibalak", Agirreren hitzetan. Guztira, 200 bat artistek parte hartuko dute. 

Loraldia Elkartearen ildo estrategikoei jarraiki, "euskal kultur industria suspertzea eta sortzaileak ikusgarri jartzea" izan dute xede elkartekideek egitaraua prestatzerako orduan. Horrela bada, Bilbon euskal kulturaren adierazpen berritzaileenen plazatuko dira. Besteak beste, disko, teatro lan eta beste ekintza batzuen estreinaldiak izango dira. Horietako batzuk, gainera, "Loraldian baino ez dira egingo eta ez dira berriro errepikatuko". Imanol Agirrek gaurko aukezpenean azaldu duenez, "Bilbok kanpora begiratzen du maiz azkenaldian, baina laugarren Loraldiak barrura begiratzeko tenorea aldarrikatu nahi du. Geuriari eutsi. Gugandik abiatu. Euskara jalgi hadi Bilbora eta mundura".

2015ean, lehen Loraldia Patxo Telleriak idatzi eta Aitor Mazok gorpuztu zuen Anton Ababadiari buruz idatzitako antzezlanarekin hasi zen. Bada, 2018koa, Patxo Telleriak idatzi eta Txomin Heguyk gorpuztuko duen Anton Ababadia. Dublinetik Hendaiara antzezlanarekin abiatuko da, eta Aitor Mazo omentzeko balioko du. 

Telleriak berak idatzi du beren-beregi bere lagun Mikel Martinez aktore eta tabernariarentzat 'Kaña bat ondo botatzeko instrukzioak' testua. Martxoaren 9an Cafe Bilbaon antzeztuko du Martinezek "atzetik aurrera kontatzen den istorioa".

Kukai dantza taldeak Jorge Oteiza omenduko du ikuskizun "berri, berezi eta bakar batekin, ez baita errepikatuko". Martxoaren 18an, Euskalduna Jauregiko espazioekin elkar-eragitea izango du abiapuntu Oteizak 110 emanaldiak. 

Musikan, aipatzekoak dira Izarok eta Inunek nork bere lan berria aurkezteko emango dituzten kontzertuak –martxoaren 8an arriaga Antzokian leheneak, martxoaren 22an Kafe Antzokian bigarrenak– eta Ruper Ordorikaren omenez martxoaren 14an antolatutako gau festa. Dabilen harriari so, azukre koxkorrak Ruper Ordorikarentzat izenpean, oñatiarrarren kantuak "azuke koxkor bihurtuko dituzte" euskal musika unibertsoko hainbat musikarik. 

Berritzailea izango da musika, literatura eta ikus-entzunezkoak uztartzen dituen Etiopian barrena ikuskizuna. Joxan Artzeren Isturitzetik Tolosan barrena eta Bernardo Atxagarem Etiopia dira literatura pasarteen sostengua. Beñat Goiti eta drian Puck DJ musikariek emanaldiaren soinu banda sortuko dute eta Aitor Zarzuelok zuzendutako Desparaisua izeneko laburmetraia ikusgai izango da. 

Loraldiak eskatuta, Arantxa Urretabizkaiak etorkizunari buruzko testu librea irakurriko du. Etorkizunak harrapatuta eman dio izena. Joserra Senperena piano-joleak soinu banda jarriko dio irakurtaldiari eta Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio bertsolariek inprobisatu egingo dute Urretabizkaiak idatzitako testuaren gainean. 

Zinema arloan, "Euskal Herriko animazio esperimentalean aintzindaria" den Bego Vicario irakasle, artista eta aktibista omenduko dute Ametsak mugimenduan izenburua duen proiekzio eta solasaldiaren bitartez. 

 

Ametsetatik gertu

Loraldiaren babesleen zerrendan Bilbao700 fundazioa falta da. Fundazioari esker jaialdiak asko haztea lortu zuen eta bere faltak "krisi txiki bat" eragin zuen. Horrela aitortu du Imanol Agirrek gaurko prentsaurrean. Krisitik ateratzea eta egonkortzea lortu du jaialdiak 2018an, besteak beste, Bilboko Udaleko Kultura Sailaren babesari esker. Aurtengo edizioak 150.000 euroko aurrekontua du, eta Loraldia Elkarteko kideen esanetan, erronka "gure ametsetatik gertu" kokatzen du.  

 

www.loraldia.eus