Nafarroa hegoaldeko baratzetik Euskal Herriko sukaldeetara "zubiak eraikitzeko" asmoarekin abiatu zuten 2014an Errigora egitasmoa osatzen duten lagunek Eskutik eskura kanpaina. Arduraz ekoizten dena arduraz elkar trukatu eta arduraz kontsumitzeko saiakera egitea zuten xede. "Urrunekoen ordez bertako produktuen alde eginez, zirkuitu luzeen ordez laburrak hobetsiz, eguneroko ohituretan eragiteko asmoz". Horrela, oliba-olio birjina estra eta kontserba-loteak eskaintzeari ekin zioten, euskaraz etiketatuta eta, "auzolanari esker, eskoizlearen jatorrizko prezioan".
Duela lau urte "ariketa sinple eta xume gisa" hasi zena handitzen joan da urteotan, eta zubiak eraiki ahala Errigoraren komunitatea trinkotu egin da. Egun, gero eta kontsumitzaile gehiago dira, eta eskaerak izan duen gorakada da horren isla. 2014an 1.500 izan baziren, hiru urteren buruan, 2017an, 6.000 kontsumitzaileko marka gainditu dute.
Ekoizleak ere gero eta gehiago dira. Lau ziren 2014an, hamalau izan dira 2017an. Hortaz, Eskutik eskura kanpainaren eskaintza "gero eta zabalagoa da".
Sarea "sendotzen" ari den seinale, berdintsu gertatu da Errigorarekin bat egin duten boluntarioekin ere, hazi egin dira. 2014an 30 herri partaide izan ziren, 2017an 70 herri izan dira kanpainan parte hartu dutenak.
Pausoak ekologikorantz eta ustiategi jasangarrirantz
Iaz Errigorak "pauso garrantzitsua" eman zuen, eskaerari erantzun nahian, produktu guztiak konbentzionalean ez ezik ekologikoan ere eskaintzeko. "Nekez" eman ohi den pausoa izaki, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluari (NNPEK) laguntza eskatu zioten Errigorako kideek. Kontseiluaren babesarekin, ekologikoan lanean ari ziren produktuak eta ekoizleak identifikatu ostean, Errigoraren “familia handian” parte hartzera animatu zituzten. Horrezaz gain, ordura arte konbentzionalean ari ziren zenbait elaboratzaileri ekologikoan hasteko gonbitea egin zieten. Conservas Ebronekoek, esaterako, erronka onartu zuten.
San Adrian herrian kokatuta dagoen Conservas Ebron hainbat nekazarirekin harremanetan jarri zen. Orduan ezagutu zuten elkar Julio Navarro kontserba lantegiko ordezkariak eta Nino Ruiz Carcar herriko nekazariak. “Oso erraz” egin zuten bai harremana bai tratua Ninoren esanetan. Orburu mota, orburu ekoizpena eta kilo kopurua zein zen argituta, “berehala” adostu zuten prezioa. Egun, Ebroneko lagunek Ninoren orburuak, tomateak eta piperrak ekologikoan prestatzen dituzte, merkaturako bidea egin dezaten.
“Sektore elaboratzaileak ekoizleei bizkar ematen zien lehen”, NNPEK-eko Edorta Lezaunen hitzetan. Baina kontsumitzaileen eskaerari esker eta, batik bat, Errigoratik eginiko eskaerari esker, bi aldeen arteko harremanak sendotu dira eta, ondorioz, elaboratzaileek eta ekoizleek elkarlanerako akordioak adostu dituzte eta prezioak zein ekoizpenerako lursailak finkatu dituzte. Aldaketa guzti honek onura handia dakar, “gure herrietan ustiategi jasangarriak ahalbidetzen dituelako”.