Maiatzaren 4tik 11ra izango da aurten Bilboko Zinemaldi Fantastikoa. FANTek, akordioa itxi du DARK telebista katearekin –estatuan soilik beldurrezko lanak eskaintzen dituen bakarra– bere trailer faltsuen lehiaketa indartzeko eta zabaltzeko. DARKFEST izena hartuko duen edizio honetara lanak aurkezteko epea apirilaren 5ean amaituko da, eta lanak darktv.es/darkfest micrositearen bitartez aurkeztu beharko dira.
Bideoak ezin izango du bi minutu baino gehiagoko iraupenik izan, eta fikziozko beldurrezko film baten promozioa simulatu beharko du; trailer faltsu izenez ezagutu ohi dena, alegia. Ekimen horretan beldurrezko genero guztiak landu ahal izango dira: slasher Action Horror, Fantasy Horror, Body Horror, Beldurrezko komedia, Izu gotikoa, Izu Psikologikoa, Zientzia fikziozko beldurra edo ANIME, besteak beste.
Koldo Serra eta Roberto San Sebastián euskal zinegileak kide izango diren epaimahai adituak aukeratuko du 700 euroko saria jasoko duen trailer faltsu hoberena. Horrez gain, lehiaketak irauten duen bitartean, plataforman trailerrak ikusi ahal izango dira, sareetan konpartitu eta hoberenen aldeko botoa eman. Ikus-entzuleek aukeratutako lanak 350 euroko saria jasoko du.
Epaimahaiaren iritziz finalistak eta irabazlea diren trailer faltsuak eta ikus-entzuleen boto gehien jasotzen duena apirilaren 27an eskainiko dira Bilborocken PRE-FANT barruan. Saio horretara doazenek, FANTeko Ikus-entzuleen 200 euroko Saria jasoko duen euren lan atseginena bozkatzeko aukera ere izango dute. Ekimen horrek, Bilboko Udalak generoko zinearen alde egiten duen apustua indartzen du, batez ere film laburraren munduan lehenengo pausoak ematen dituzten zinegile gazteen aldekoa, hori baita FANTen nortasun zeinuetako bat.
Trailer faltsuen emanaldiaz gain, apirilaren 27an PRE-FANTi amaiera emango dion programazioaren barruan, 80ko hamarkadako New Wave elektronikoenaren hoberena omenduko duen festa-ikuskizuna egingo da, 80´BEAT taldearen kontzertuarekin; Mamba Beat edo Doctor Deseo taldeetatik datozen musikariek bat egin duten taldea, “V” telesail mitikoko bisitariak janzten ziren moduan jantzita. Trailer faltsuen lehiaketaren edizio honek Orangeren eta espezializatutako Aullidos webgunearen laguntza ere badu.