Hiritar gazteenentzat Bilbon bizi izan duten elurterik handiena da. Izan ere, gogotik bota du gau osoan zehar. Goizean ere egin du elurra. Bilbo zuri-zuri dago, goi auzoetatik erdigunera eta itsasadar bazterrera. Hainbat lekutan hamar bat zentimetroko lodierara irisi da elurra.
Auto gutxi batzuk irten dira errepidera, eta horietako hainbatek zirkulatzeko arazoak izan dituzte. Hori dela eta, auto pribatua ez erabiltzeko gomendioa egin du Bilboko Udalak zirkulatzeko dagoen "zailtasun handiagatik".
Elurretan ibiltzea ez da erraza, eta zenbaitetan zorua labankor dagoelako baita arriskutsua ere. Etxetik irteten diren bilbotarrei oinetako egokiak janzteko eta arretaz ibiltzeko eskatu die Udalak.
Garraio publikoa
Metroa eta tranbia –ez dute zerbitzua eten– atzerapenarekin ari dira zerbitzua ematen. Maiztasuna ez da ohikoa, eta nasetan erabiltzaile asko pilatu dira goizean. Bilbobusen zerbitzu guztiak bertan behera geratu dira, "momentuz". Artxandako Funikularra normaltasunez ari da zerbitzua ematen.
Termibusen lehen orduan arazo ugari izan dira autobusek kotxeretatik irteteko izan duten zailtasunagatik. Linea gehienak atzerapenarekin ari dira zerbitzua ematen.
Ikastetxeak
Elurtea dela eta, ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak erabaki du klaseak mantendu ala bertan behera utzi, bere egoeraren arabera. Bilboko ikastetxe gehienetan gaur ez da klaserik.
Operatibo berezia
Elurraren ondorioak "gutxitu asmoz", Udalak operatibo berezia langile gehiagorekin indartu du. "Hiri osoan zehar ibilgailu eta ekipo bereziak lanean dihardute egoerari aurre egin asmoz". Aurreikuspenen arabera, eguerditik aurrera elurra urtuz joango da.
Ospitala
Basurtuko Ospitalera sarbidea garbi dago.
Informazioa
Larrialdietarako telefonoa: 112 SOS Deiak eta 092 Bilboko Udaltzaingoa