'Gerra hemen hasten da' filmea aurrera eramateko crowdfunding kanpaina abiatu dute

uriola.eus 2018ko mar. 1a, 08:11

Ongi Etorri Errefuxiatuak-Bizkaia kolektiboaren “Gerra hemen hasten da” batzordean crowdfunding kanpaina bat martxan jarri dute. Ekintza honekin, Bilboko Portutik pasatzen diren armei buruzko dokumentala egitea lortu nahi dute.

Ongi Etorri Errefuxiatuak-Bizkaia kolektiboaren Batzorde honetan Bilboko KEM-MOC talde antimilitaristaren parte hartzearekin, eta “Gasteizkoak” kolektiboarekin elkar-lanarrekin proiektu hau aurrera atera nahi dute. Crowdfunding-aren helburua dokumental bat egitea da Euskal-Herriko armen ekoizpena eta, bereziki, Bilboko Portutik egiten den armen trafikoa salatzeko.
 
2017ko martxoaren 13an, Bilboko Portuan abiatzen da dokumentala, Ignacio Robles Bizkaiko suhiltzaileak segurtasun-operatibo batean parte hartzeari uko egin zionean. Zamaketa haren helburua zen Euskal Herrian egindako hainbat tona lehergai, bonba eta detonagailu Saudi Arabiara bidaltzea. Arma horiek Yemengo gatazkarako izaten dira nagusiki.
 
Historiagileak, armagintzako langileak eta borroka antimilitaristan aritzen diren taldeak elkarrizketatuko dituzte, besteak beste, Euskal Herriko industria militarraren garrantzia agerian jartzeko. Baita Ekialde Ertainean gerran dauden herrietara Euskal Herritik bideratzen den esportazioaren tamaina handia ere. Giza eskubideak era sistematikoan zapaltzen dituzte herrialde horiek, eta zibilek pairatzen dituzte bereziki gatazkaren ondorioak. 

Crowdfunding horretan parte hartzeko, hemen daukazue lotura: https://eu.goteo.org/project/documental-la-guerra-empieza-aqui