Immigrazioaren feminizazio-prozesuari begira

uriola.eus 2018ko mar. 2a, 14:15

Asko dira egunean-egunean emakume etorkin beltzek gainditu behar dituzten zailtasunak. Asko bizi dituzten une latzak. Era bererean, asko izan daitezke Bilboko emakume etorkin beltzen ekarpenak ere. Horiek guztiak bilduko ditu hiru egunetan Emakume migratzaile eta Errefuxiatuak: mugen bizirik izeneko zikloak. 

Emakume etorkin beltzen begiradak, bizipenak eta ekarpenak ezagutzeko aukera eskainiko du Ongi Etorri Errefuxiatuak, Emakumeen Dokumentazio Zentroak eta Zinemakumeak Gara jaialdiak, Udalaren laguntzarekin, antolatutako zikloak. Emakumeek zuzendutako edo sortutako obrak bakarrik eskainiko dira. Hartara, eurak izango dira erabateko protagonista. Dokumentalak, film laburrak eta antzezlanak dira Bilborock aretoan martxoaren 5ean, 25ean eta 26an ikusi ahalko direnak.  

Ines Parisek zuzendutako Manzanas, pollos y quimeras (Fundación Mujeres por África, 2013) dokumentalarekin abiatuko da zikloa martxoaren 5ean. Laliren bizitza kontatzen du filmak. Besteak beste, Gineatik Madrilera egindako bidaia eta Estatuan pasatako lehen urteetako bizipenak. Laliren errealitatea ez ezik atzendutako eta ikusezin bihurtutako emakume-talde baten itxaropenak eta ameskeriak ere erakusten ditu lanak, afrikar beltzenak, alegia. Antolatzaileen esanetan, "topikoak apurtzen dituen filma da".

Silvia Albert Sopalek, umorea erabilita, arrazakeriari eta emakume beltzen sexualitateari eta nortasunari buruzko zenbait ikuspegi azaltzen dituen No es país para negras antzeztuko du martxoaren 25ean. "Irribarrea izozten duen komedia beltza". Zenbait pertsonaiaz eta mintzaira fisikoaz ere baliatzen da bere ikuskizunean. Baita herri-kantez eta telebistako iragarkiez. Guzti hori "bere gurasoen Afrikara bidaia egiteko". Silvia Albert Sopale Donostian jaio zen 1976an, eta "neskato beltza izan da jende zuriaren artean". 

Hirugarrenez, emakume etorkin beltzen errealitatea hizpide, De la invisibilidad a los derechos izeneko mahai-ingurua antolatu dute. Parte-hartzaileak izango dira Paula Palacios film laburren zuzendaria, Augustine Kinkela Lunzitisa Kongoko Errepublika Demokratikoko errefuxiatu politikoa eta Mugimendu Panafrikanistako kidea eta Ane Garay CEAR-Euskadiko ordezkaria. Moderatzaile lanetan Maya Amrane kultur bitartekaria arituko da. 

Ekitaldian Paula Palaciosen dokumental bi proiektatuko dira. Promises Halimo can´t keep eta La carta de Zahra-k bi emakume errefuxiaturen historia dute ardatz. Lehenengoak bere herrialdeko gatazkatik ihesi, amaren ardurapean utzi dituen bi alabei gutun baten bidez azalduko die bere erabakia eta bizipen latzak. Bigarrenak atzean lagata utzi duen haur txiki bati idatziko dio Europara alaba elbarriarekin zelan heldu den kontatuz.

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira; sarrera, berriz, doakoa eta leku guztiak bete arte.

Jarduera osagarri moduan, Paula Palacios Cine documental: mujeres y refugiadas topaketako protagonista izango da Leioako EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Auditoriumean, martxoaren 26an 09:30ean hasita.