Euskal Herriko unibertsitateak Leioan duen Kanpusa Herri Unibertsitatea bilakatuko da hiru egun hauetan. Gaur goizeko kalejirarekin hasiera eman diote ekimenari eta hiru egun hauetarako hainbat ekintza prestatu dituzte.
Gaurtik martxoaren 7ra arte denetarik egongo da Leioan: hitzaldiak, solasaldiak, tailerrak, bazkariak, itxialdiak... Jorratuko dituzten gaiak ere oso anitzak izango dira: hezkuntza, gizartea, auzo-lana, natur-zientziak, komunikazioa, autodefentsa... Antolatzaileek ekintza guztietan parte-hartzea librea izango dela adierazi dute eta jendea bertaratzeko deialdia egin dute.
Hiruka.eus webguneak egindako elkarrizketa
Zenbat urte beteko ditu aurten Herri Unibertsitateak? 2013an Leioan sortu zen proiektu bat da Herri Unibertsitatea; beraz, aurten bost urte beteko ditu. Garai hartako ikasle-mugimenduak sortu zuen eta bera izan zen, orain bezalaxe, praktikara eroan zuena. Orduko testuinguruan indarrean zegoen hezkuntza-sistemak ez zituela herri honetako zapalduon, hau da, langile klasearen interesak asetzen konturatuta zeuden; eta analisi horretatik abiatuta, gure hezkuntza-eredu propioa diseinatzen eta praktikara eroaten hasteko beharra sumatu zuten. Motzean esanda, horregatik eta horrela sortu zen Herri Unibertsitatea.
Ze helburu dauka Herri Unibertsitateak? Esan bezala, gure hezkuntza-eredu propioa diseinatzea eta hau praktikara eroaten saiatzea dira Herri Unibertsitatearen helburuak. Zer esan gura du horrek? "Gure" diogunean, Euskal Herriko zapalduoz gabiltza, hau da, bizitzeko beharrezkoak dituen baliabideak lortzeko bere lan-indarra saltzera kondenatuta dagoen langile-klaseaz. Beraz, sektore horren mesedetara dihardugu, gure mesedetara. Batetik, zapalduok gure egoeraren jakitun egin eta berau errotik aldatzeko beharrezkoak ditugun ikasketa eta jakintzak landu gura ditugu; eta bestetik, urte guztian zehar garapena izaten duten eduki kritiken erakusleihoa izan nahi dugu. Laburki esanda, zapalkuntza guztiak desegin gura dituen eta horretarako beharrezkoa den langile-klasearen emantzipazioa lortzea helburu duten edukien erakusleihoa izatea du helburu Herri Unibertsitateak.
Zelan bururatu zitzaizuen nazio-mailako Herri Unibertsitatea sortzea? Aipatu legez, proiektuaren ideia eta lehen irudikapen praktikoa Leioan izan zen. Horren ostean, ordea, logikoa den bezala, bilakaera etengabea izan du proiektuak. Gaur-gaurkoz, Euskal Herriko bost campusetan garatzen den proiektua da: Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Leioan urtero egiten da Herri Unibertsitatea. Horrez gainera, aurreko ikasturtean salto kualitatibo bat emateko baldintza egokiak zeudela ikusi eta Herri Unibertsitate nazionala egin zen; Euskal Herri mailako Herri Unibertsitatea. hain zuzen ere. Baldintza egokiak diogu, batetik, 2015-2016 ikasturtean San Mameseko ikastegian Herri Unibertsitatea burutzen zebiltzala, bertako ikasleak desalojatu egin zituelako dekanotzak; horren harira, erantzun bateratu bat eman behar zela ikusi genuen. Horregatik, San Mamesen lehenengo Herri Unibertsitate nazionala burutzea egokia zela erabaki genuen. Bestalde, Euskal Herriko markoaren baitan proiektu komuna garatzen hasteko une egokia zela baloratu zen.
Zeintzuk dira orain arteko lorpenak? Zaila da horrelako proiektu batek izan ditzakeen lorpen denak identifikatzea eta horiek baloratzea, 5 urtetako ibilbideak askorako ematen dutelako batetik; eta lorpenak sarri zerbait konkretuagaz eta materialagaz lotzen baditugu ere, subjektibitatean edukitako eraginak eta bakoitzari eragindako hausnarketa guztiak ere lorpenak direla uste dugulako, bestetik. Jakina, horiek identifikatzea eta baloratzea oso zaila egiten zaigu. Hori kontuan izanik, hainbat gauza aipatuta ere motz geratuko bagara ere, merezi du nabarmentzea, berbarako, Herri Unibertsitateei esker sortu diren talde kritiko denak eta horiek egiten duten lana. Proiektuak ikasleengan sortu duen afinitate-maila zein horiek mobilizatzeko gaitasuna eta ikasleengan sortu den kontzientzia kritiko guztia ikusgarriak dira.
Zeintzuk dira zuen buruei ipinitako hurrengo jomugak? Aurtengo Herri Unibertsitateei dagokionez, azken urte bitan jorratzen gabiltzan ildoan sakontzeko eta espazio desberdinak indartzeko baliagarria izatea espero dugu. Horretarako, Leioan sortu diren talde kritikoak eta euren planteamenduak indartzeko espazioa izango da, alde batetik. Bestetik, talde kritikorik ez dagoen fakultateetan, disziplina edo karrera bakoitzari dagokion eduki kritikoa plazaratzeko erabili gura dugu, aurrerago talde hauek eratzeko baldintzak garatzera begira. Bestalde, martxoaren 14an eta 15ean Donostiako Ibaetako campusean bigarren Herri Unibertsitate Nazionala egingo dugu aurten; eta batez ere, formakuntzarako eta Euskal Herrian pil-pilean dauden eztabaida batzuk mahai-gaineratzeko erabili gura dugu. Hau da, talde kritiko guztiek euren jardun analitikoa aurrera eroateko behar-beharrezko dituzten oinarri teoriko eta politiko batzuk garatzen hastea dauka helburu gisara Herri Unibertsitate Nazionalak.
EHUgaz izandako arazoak ugariak izango ziren urte guzti hauetan... Elkarlanerako zirrikiturik ez duzue ikusten? Arazo handiak izan ditugu UPVgaz azken urteetan, Herri Unibertsitatearen proiektua dela eta. Horren adibide garbia da azken urte bietan San Mameseko fakultatetik ikasleak desalojatu egin dituztela, ertzainen laguntzaz eta ikasleak egurtuz. Aurreko urtean, berbarako, dekanotzaren mehatxuen ondorioz, teilatura igo ginen hainbat eta hainbat ikasle, hutsaraztea ekidin nahian. Hala ere, UPVren iritzia aldatzetik oso urrun, desalojatuak izan ginen, 200 pertsonatik gora identifikatu ostean. Horren harira, garbi ikusten den legez, Herri Unibertsitatearen proiektua ez du gogoko UPVk, ikasleria kritikoak garatzen duelako, eta bere eduki zein moduak eta instituzio honen funtzio sozial zein politikoa ezbaian ipintzen dituelako. Horregatik, gure aldetik eskatzen diogun bakarra bakean uztea da. Eskatzen dizkiogun gauza denen aurrean oztopoak ipini ordez, erraztasunak emanez, berbarako.
Ze berrikuntza dakar aurtengo Herri Unibertsitateak? Leioakoari dagokionez, diziplina bakoitzari dagokion talde kritikoak sortzea edo garatzea izanik helburu nagusia, horretarako beharrezkoak diren eduki kritikoak plazaratuko ditugu, hiru egunetan zehar. Horregatik, martxoaren 5ean, goizean, "Herri Unibertsitateari sarrera bat" izeneko berbaldia izango dugu: testuinguruaren inguruko analisi txiki bat egin eta Herri Unibertsitatearen papera eztabaidatuko dugu, proiektu honen errepaso bat egiteagaz batera. Horri jarraiki, astelehen arrastian, martitzen goizean eta eguazten goizaren zati batean, diziplinaka edo ikasketaka banatuko gara ikasleak, bakoitzaren graduak ikuspegi kritiko bategaz lantzeko asmoz; fakultate bakoitzeko taldeak prestatuta saioak dira. Bestalde, martitzen arrastiari eta eguazten goizeko beste zatiari dagokionez, saio orokorragoak izango ditugu, bloke desberdinetan banatuta, berbarako: okupazioaren blokea, internazionalismoarena, errepresioa...
Herri Unibertsitateari urte guztian zehar jarraipena emateko talde kritikoak sortu dituzue. Ze paper jokatuko dute? Orain arte esan dugun legez, talde kritikoek betetzen duten funtzioa zentrala edo fundamentala da Herri Unibertsitatearentzat. Jardun hau ez da hiru egun hauetara mugatzen soilik, urteko guztiko lanketa eta jarduna da; eta, azken finean, eskoletan jasotzen dugun edukia kritikatzetik hasten dela esan genezake. Hala ere, ez da hor bukatzen talde hauen jarduna: egungo edukien eta unibertsitatearen kritikatik eta, ondoren, ukapen batetik abiatzen bada ere, gure hezkuntza-eredu propioa garatzea daukate helburu. Horregatik, kritikatik eraikuntzara salto eginez, gure mesedetarako jakintza ekoiztea da talde hauen helburua. Hobeto ulertzeko adibide bat ipintzearren, Natur Zientzien Fakultatean gaur egungo zientzia-ereduaz kezkatuta eta hiri kapitalismoaren erreprodukzioan zein langileon esplotazioan daukan paper garrantzitsuaz konturatu ostean, langileriaren mesedetan garatu beharreko zientziaz hausnartzen hasi ziren, Zientziherria proiektuaren bitartez.