Grebaren moldeak gaindituko dituen greba

uriola.eus 2018ko mar. 6a, 12:30

Martxoaren 8ko nazioarteko greba deialdia "arrakastatsua" izango dela aurreikusi dute Bizkaiko Mugimendu Feministako kideek. Besteak beste, "arrazoi asko daudelako greba egiteko" eta "nork bere ahalmenaren arabera egin dezakeelako bat grebarekin". Deialdiak ilusio handia piztu du, eta atxikimendu asko bildu ditu. 

Mundu osora zabalduko den nazioarteko greba izango da martxoaren 8koa. Beste hainbat lekuren artean Saharan, Kurdistanen edota AEBetan babestuko dutelako. Guztira, 180 herrialdetan. Iaz 70 bat izan ziren. Aldea handia da, deialdiak denbora gutxian piztu duen ilusioaren seinale. Erantzunak ez ditu harritu Bizkaiko Mugimendu Feministako kideak, poztu baizik. "Urte askotan, asko kostata", egindako borrokaren fruitua dela diote. Horrela bada, nazioarteko greben historian "mugarria" izango da aurtengo martxoaren 8koa, bere zabalpenagatik, "eta guk egingo dugu", adierazi du Anabel Sanz eledunak. "Grebaren ohiko moldea gainditu eta greba berri bat asmatzen ari gara", erantsi du. 

Bat egiteko hainbat modu dago, deialdiak asko baitira. Emakumeek aukeran dute 24 orduko greba egitea, lau ordutako bi lanuzte egitea (11:00-15:00 eta 18:00-22:00 bitartean), txanda bakoitzean bi orduko lanuztea egitea (11:30-13:30, 16:00-18:00 eta gaueko txandako lehen bi ordutan), zaintza greba egitea, kontsumo greba egitea, amantalak leiho eta balkoietan eskegitzea, elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzea... "Nork bere ahalmenaren arabera" erabakiko du. Garrantzitsutzat jo dute "emakume guztientzako greba" dela azpimarratzea. "Denek dute lekua bertan". Izan ere, Bizkaiko Mugimendu Feministako kideak jakitun dira emakume askok zailtasun handia izango dutela greba egiteko. Adibide modura jarri dituzte etxeko langileak. Horregatik erabaki dute etxeko langileak oso presente izatea mobilizazioetan. Bizkaia Zubian, esaterako, 07:30etik aurrera, zaintza-lanetan aritzen diren emakumeen lan ikusezina ikusarazteko ekimena antolatu dute.

 

Arrazoiak soberan

Arrazoiak "soberan" dituzte grebarako: soldata desberdintasuna, feminizatutako lanbideak, autonomoen prekaritatea, ikusezinak diren lanak, doan egiten diren lanak, indarkeria matxistaren molde desberdinak, irudi estereotipatu eta sexistak... 

"Nahikoa" dela esateko emakumeek, lesbianek, transek eta migranteek euren aniztasunean planto egingo dute, "hitz-jario ustelekin nazkatuta" daudela esateko. Berdintasunaren aldeko borrokan askoren "konpromiso falta eta erantzukizun falta" salatuko dute, eta ildo horretan adierazi dute ez dutela nahi "ez diskurtso hutsik ez ekintza sinboliko gehiagorik": "Dena nahi dugu eta orain nahi dugu". 

   

Munillari erantzuna

Donostiako gotzainak feminismoa kritikatu du, abortu librea, lesbianismoa eta bisexualitatea defendatzeagatik. "Bitxia da deabruak bere aldetik gola nola sartu duen ikustea. Feminismoak genero ideologia onartuta hara kiria egin dio bere buruari", adierazi du Munillak Radio Maria irratian. Gotzainak esandakoari buruz galdetuta, "benetan esan ez balu barrea eragingo liguke", erantzun du Mari Jose Martinez bozeramaileak. Hitzok "serio hartu" behar badira ere, onena "kasurik ez egitea" dela nabarmendu du. Ez da Jose Ignacio Munilla horrela pentsatzen duen bakarra, beste asko ere badira Martinezen hitzetan, "baina ez gaituzte geldituko". 

 

Bilboko deialdiak

Beltzez janzteko, besoko morea jartzeko eta zarata egiteko tresnaren bat eramateko deia zabaldu dute.

11:00 Unamuno plazatik kalejira feminista.

12:00 Eliptika plazan eserialdia isila.

14:00 Pelota kalean bazkari herrikoia. 

16:00 La Bolsa udaltegian ekintzak Tawir fundazioak, Histeriak kolektiboak eta Biotxerrek antolatuta. 

18:00 Eliptika plazatik kalejira feminista. 

20:00 Jesusen Bihotzetik manifestazioa. 

 

[Greba feminista_prentsa-oharra]

grebafeminista.wordpress.com

@M8EuskalHerria