Loraldia 2018

Tunelaren obsesioa

uriola.eus 2018ko mar. 7a, 09:05

Argazkia: Loraldia

Ihes egin asmoz Zamorako kartzelan preso zeuden abadeek tunel bat zulatu zuten 1971n. Tartean zegoen Xabier Amuriza bera. Ihes egitea lortu ez bazuten ere, tunelaren obsesioa luzaroan izan du aldean Amurizak. Liburu berria idazteko obesio horretatik abiatu da. "Hizkuntza ahalik eta adierazkorrenean" egindako sorkuntza literarioa dela dio. 

Franco hil baino lehenago irten zen Zamorako apaiz-kartzelatik Xabier Amuriza bertsolaria. Irten eta gutxira Gizaburuagan eta Amoroton hasi zen abade lanetan. Hasi orduko bi herritako 200 etxeak banaka-banaka bisitatzea pentsatu zuen. Bere kalkuluen arabera hilabete beharko zuen. Baina kalkuku okerra egin zuen. Hiru hilabete behar izan zituen. Izan ere, etxe guztietan harrera egin zioten, eta txiki zein handik Zamorako kartzelatik ihes egiteko abadeek zulatutako 16 metro luzeko tunelari buruz galdetzen zioten. Gai nagusia tunela zen. "Aparteko lilura" sortzen zuen. 
 
Bada, Amurizak ihesaren "argumentu unibertsala" hautatu du Neska bat leku inposiblean (Elkar, 2018) bere literatur lan berrian, eta 1971n iheserako egindako tunelak urtetan eragin dion "obsesioa" azaleratu du. "Istorio on bat" izan du abiapuntu, "gainera, guri gertatu zitzaigun", adierazi du Loraldia jaialdiaren baitan Elkar dendan egindako aurkezpenean. Horregatik dio Amurizak liburua "literatura nazionala" dela, "hemengoa". Eta norbera tarteko denean, "bizitasun gehiago ematen dio istorioari". Egilearen hitzetan, liburuak "tentsioa, abiadura, sorpresa mordoa, mirari piloa" ditu. 
 
Kontaketan, baina, Amurizak "errealitatea gainditu" du, "garaipen bat emateko porrotari". Hortaz, ez du duela 50 bat urte Zamorako kartzelako kronika egin, literatura baizik: "Porrota gainditzeko ahalegina da, eta sinesgarria bada alegoria handia bihurtzen da". Sinesgarritasuna emateko ahalik eta hizkuntza adierazkorrena erabiltzen ahalegindu da. Lexikoan, esaterako, bere irizpideen arabera jokatu du, eta ostantzean hiketarik ez du erabili, baina bai aditz trinko asko. Argiro utzi du Amurizak hizkuntza gaietan ez duela sartu nahi, "linguista asko dagoelako" eta "horretan kateatzen trebeak garelako".
 
Pozik agertu da liburuaren emaitzarekin. Aitortu duenez, atsegin handia da berarentzat entzuteko prest dagoen jendearen aurrean hitz egitea, "nire zahartzaroa alaitzen baitu". Eta barre artean bota du 1930eko inauterietan Eibarren kantatu ziren bertsoen moldaketa: "Hementxe gastatu dut nire diru dana, horregatik eskatzen dut errealtxo bana".