Ezina egin du Loraldiak, Arriagara bertaratu diren ikusleek tarte txiki batez eternitatea posible dela imajinatu baitute, eta tarte horretan Anton Abbadia eta Aitor Mazo antzokian bertan sentitu dituzte. XIX. mende amaieran hil zen geografo, astronomo eta kulturgilea. 2015ean aktore bilbotarra, Abbadia lehen Loraldian gorpuztu eta gutxira. Bere azken lana izan zen. Gaur, Txomin Heguy aktoreak gorpuztu du Abbadia, erretreta hartu aurretik bere azken lanean. Bikain. Ezin hobeto lagundu diote Xabi Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Phillips Ducauk Abbadiak munduan zehar eginiko bidaiak irudikatzen. Irlanda, Brasil, Etiopia edota Euskal Herriko bizipenak girotzen.
"Ezinean sinesten duzue?" galdetuz eman dio hasiera Heguyk Patxo Telleriak idatzitako bakarrizketari. Laugarren Loraldiarako moldatutako testuari. Ezinaren jarraitzaile sutsu eta maitale gisa agertu da Abbadia Heguyren ahotsean, berea, Anton Abbadirena, ezinezko istorio bat baita. XIX. mende hasieran Dublinen jaio zen euskaldunarena. Ezinezko gertaera hori ere. Ama irlandarra eta aita zuberotarra izan zituen, eta aitak inudea eramanarazi zuen Zuberoatik Dublinera semeak bere bularretatik euskararen esne goxoa edan zezan. Esnea edalontzitik lastotxoarekin edanez irudikatu du une komikoa. "Psikoanalista batek zenbat gozatuko luke nire euskararekiko grina aztertzen" bota du jarraian, eta publikoak barre.
Gizon saiatua izan zen Abbadia, zalantzarik gabe, nahiz zenbait porrot ere aitortu. Zientzia eta erlijioa batzeko bere ahalegina edota bere etxean argia goitik behera islatzeko eginiko saiakera ez ziren ondo atera. Ezina, baina, hainbatetan posible egin zuen. Berak sortuak dira, besteak beste, Etiopiara bidaiatu ostean eginiko amharera-frantses lehen hiztegia edota eszeptisismo eta ezkortasunaren aroan euskal kultura sustatzeko Lore Jokoak. "Festa bat bizirik geundela eta bizirik jarraitu nahi genuela adierazteko".
Ezina gainditzeko jira-biran, Abbadiaren grinak eta biografia oparoak egun oraindik harridura sortzen du. Patxo Telleriak ondo baino hobeto baliatu ditu biak euskal kulturgintza garaikidean mezu baikorra zabaltzeko, ez da posible, ezin litekeren lekuan, ezina ekinez egina. Eta mezu horren adibide nahikoa Abbadiak eman ez baditu, hor dago euskara: "Hilzorian zegoen hizkuntza inoiz baino gazteago dago". Edota Loraldia bera. Iturri zaharretik sormen berriak dakartzan jaialdia. "Bilbok ezinezko ekintzak maite dituelako".