Hamabost emakume merkatariren lekukotzak

uriola.eus 2018ko mar. 12a, 10:37

2016an hasitako trilogia baten hirugarren zatia da Bilboko emakumeak eta beraien komertzioak izeneko dokumentala. Gaur estreinatutuko dute 20:30ean Bilborocken. 

Emakume merkatariak dira Bilboko emakumeak eta beraien komertzioak dokumentaleko ildo nagusia. 40 minutuan, ikus-entzunezko honek hamabost emakumeren lekukotzak jasotzen ditu. Bilbokoak edota urian errotutakoak dira emakumeak. Ekintzailetzaren edo negozioaren kudeaketaren lan zailari buruzko iritziak eman eta esperientziak kontatzen dituzte; hau da, aurrean dituzten erronkak eta Bilboko historiari buruzko euren ikusmoldea kontatzen dituzte, eta beti kokaleku berezi batetik: mostradore baten atzetik.

"Sarri askotan ikusten ez diren andrazkoen figurak, jarduerak eta horien garrantzia agerian uzteko eta duten balioaren aitortza egiteko" sustatu du Bilboko Udalak dokumental honen ekoizpena. Izan ere, banaka zein taldeka, "hiriaren garapenerako emakumeek egin dituzten ekarpenek berebiziko garrantzia eta eragin handia izan dituzte".

 

Estreinaldia

Bilborocken 20:00etan dokumentalaren aurkezpenean elkartuko dira, besteak beste, Itziar Urtasun Berdintasun zinegotzia, filmaren protagonistak eta hiriko elkarteetako eta mugimendu feministako zenbait ordezkari. Udalak herritarrei gonbidapena luzatu die proiekziora joateko. Sarrera doakoa izango da, leku guztiak bete arte.