Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi pentsatzen

uriola.eus 2018ko mar. 12a, 10:05

Argazkia: 'Bertsolari Aldizkaria'

Gaur egungo bertsolaritzaz pentsatzen jarriko ditu Josu Goikoetxea kazetariak bihar, hilak 13, Bidebarrietako liburutegian Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi. 

Eztabaidak literaturarekin izeneko zikloak egungo panoramako bi emakume bertsolari handi elkartuko ditu bihar, martxoaren 13an, Maialen Lujanbio –bi aldiz Euskal Herriko txapelduna– eta Uxue Alberdi, hain zuzen ere.

Gaur egungo bertsolaritzaz pentsatzen izenburupean, Josu Goikoetxea kazetariak moderatuko duen topaketa, bertsoak bat-batean abesteko artean eta arte horrek poesiarekin dituen loturetan zentratuko da. Alberdi idazlea ere bada, gainera.

Topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librearekin leku guztiak bete arte, eta inor ezin izango da sartu ekitaldia hasi eta gero. Dena den, streaming-ez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunetik.

 

Biografiak

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984), Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria lortu zuen 2016an, Besarkada bildumarekin. 2007an argitaratu zuen lehenengo liburua, Aulki bat elurretan, kontakizunez osatutako lana; 2009an kaleratu zuen lehenengo eleberria, Aulki-jokoa, Miren Agur Meabek gaztelaniara itzulitakoa El juego de las sillas izenburuarekin. Ondoren, 2013an, beste kontakizun bilduma bat, Euli-giro; eta tartean, umeei eta gazteei zuzendutako literatura asko. Iaz, helduei zuzendutako beste lan bat argitaratu zuen, Jenisjoplin.

Maialen Lujanbiori (Hernani, 1976) dagokionez, historia egin zuen 2009an, Euskal Herriko txapelketa irabazi zuen lehenengo emakumea izatean, eta 2017an titulua berreskuratu zuenean, euskal diziplina horretako eta kulturako mito handien artean idatzi zuen berriro bere izena. Berrikuntzak sartu ditu bertsolaritzan; soinu berriak sortzeaz gain, deskribapen zinematografikoak eta istorioak bertsotan osatzeko talentu bikaina duen sortzailea da.

 

Argazkia: Bertsolari Aldizkaria