Dispertsioaren hegietan sakontzen jarraitzen du Etxerat elkarteak

uriola.eus 2018ko mar. 13a, 09:41

Dispertsioak haurrengan duen eragina aztertu ostean, oraingo honetan, Adin nagusikoak/gaixorik dauden senideak eta dispertsioa gaia jorratzea erabaki du Etxerat elkarteak. Martxoaren 19an hitzaldia antolatu du La Bolsa udaltegian.

2016ko otsailean Etxerat elkarteak Dispertsioaren hegiak izeneko egitasmoa abian jarri zuen. Egungo espetxe politikaren bazter eta profil guztiak ikustarazteko ekimena. Lehenbizi, Dispertsioaren haurrak ildoa abiarazi zuen, ia ezezaguna zen errealitate bat hurbiltzeko nahiarekin: euren bizitza, garapena, afektibitatea eta etorkizuna baldintzatzen duen salbuespeneko neurrien mende dauden haurrak ziren protagonista.

Joan den urtarrilean bigarren hegi bat aurkeztu zuen elkarteak: Adin nagusikoak/gaixorik dauden senideak eta dispertsioa. Urrunketak pertsona ahulenengan duen eragina jakinaraztea helburu; adinekoengan, hain justu, eta baita ere, gaixotasunak direla medio, hain urrun dauden espetxeetara haien senide eta lagunak bisitatzera joan ezin direnengan duen eragina. 

Gaur egun, haien etxeetatik 600-1.100 kilometro bitarteko espetxeetan daude euskal presoen %70. Bestetik, presoen gurasoen %98k 60 urteko adina gainditu dute; gehienek 70 urte baino gehiago dituzte. Antzeko egoeran daude gainontzeko senideak, alegia, osaba-izebak eta aitona-amonak. 10-30 urteetan derrigorrezko bidaia luzeak egin dituzte.

Adin nagusikoak/gaixorik dauden senideak eta dispertsioa hitzaldia martxoaren 19an antolatu dute, La Bolsa udaltegian, 19:00etan. Bai senideen lekukotasunak bai osasungintzako profesionalen hausnarketekin prestatutako bideo bana ikusteko aukera egongo da.