Elkarlanean xenofobia eta arrazakeriaren aurkako borrokan

uriola.eus 2018ko mar. 13a, 12:56

Xenofobia eta arrazakeriaren aurkako mundu egunaren harira, elkarlanean, hainbat jarduera antolatu dituzte Sare Antifaxistak, SOS Racismok, Medicos sin Fronterasek, Xake espazioak eta Zirika guneak.

Davide Dax Cesare (1976-2003) militante antifaxista Milanen erail zuten gune autokudeatu baten inguruan. Hiltzaileek eskuin muturreko talderen bateko kideak zirela ukatu arren, euren hurbiltasuna oso agerikoa zen. Martxoaren 16an Dax-en erailketaren 15. urteurrenean, "herri omenaldia" egingo diote Bilbo Zaharreko Xake espazioan. 

Mozal legeak hiru urte bete dituen honetan, SOS Racismo elkarteko Angel Miragaya Mozal legeak izan dituen ondorioei buruz mintzatuko da martxoaren 19an, La Bolsa udaltegian, 19:00etan.

Martxoaren 21ean, xenofobia eta arrazakeriaren aurkako eguna izaki, urteroko deialdia egin dute manifestazioan parte hartzeko. 19:30etan Arriaga plazatik abiatuko da manifestazioa. 

Bukatzeko, Arrazakeria eta xenofobia geldi ditzagun izeneko hitzaldian parte hartuko dute Xabier Madariaga eta Ahoztar Zelaieta kazetariek martxoaren 23an, Zirika gunean, 19:00etan.  

 

Xenofobia eta arrazakeriaren aurkako eguna

1960ko martxoaren 21ean, Sharpevilleko (Hegoafrika) udal-mugartean, Hegoafrikako erregimenaren poliziak tiro egin zuen apartheidaren legeen eta Gobernuaren aurka era baketsuan protestatzeko bildu ziren manifestarien aurka, eta 69 pertsona hil eta 180 zauritu zituen. Horregatik, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Arraza Diskriminazioa Desagerrarazteko Nazioarteko Egun deklaratu zuen egun hori, eta arraza-diskriminazioa eta apartheida desagerraraztera bideratutako ekintza-programak abian jartzeko eskatu zien estatu kideei. Harrezkero ospatzen da martxoaren 21ean xenofobia eta arrazakeriaren aurkako eguna.