Loraldia 2018

Jantzaz betetako asteburua dakar Loraldiak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2018ko mar. 16a, 09:04

Sagartu, Oteizak 110 eta Lekeitioak ikusi ahal izango dira Bilbon.

Sormenaren mundua zentzu zabalean hartzen dau Loraldiak, baina aste honetako asteburuan disziplina bat izango da jaun eta jaube, jantzea hain zuzen. Hiru ikuskizun antolatu ditue eta horren barri emon dabe Aitor Narbaiza Loraldia Festibaleko produkzino arduradunak, Agurtzane Intxaurraga Hika Teatroko zuzendariak eta Jon Maya Kukai taldeko zuzendariak.

SagartuOteizak 110 eta Lekeitioak ikuskizun bakar eta bereziak dira, Loraldiko arduradunen esanetan. Erabateko estreinaldiak izango dira Oteizak 110 eta Lekeitioak. Antzoki baten lehenengoz aurkeztuko dabe Sagartu. Agerraldian azpimarratu dabenez, hiru lanek lotura estua dabe euskal kulturearen uniberso, erreferentziazko izen eta elementuakaz.

Martiaren 17an, zapatuan, Hika Teatroak eta Oinkari Jantza Taldeak Sagartu lana aurkeztuko dabe Campos Antzokiko oholtzan. Kaleko ikuskizun multidisziplinarra da, zuzeneko musikea, antzerkia eta jantzea lotzen dituana, baina orain antzoki barrurako egokitu dabe. Sagarra da oinarria eta abiapuntua, umorez, alaitasunez eta bizi-bizi, gure herrian ez eze, paradisuko sasoietatik hona izandako esangura guztiak plazaratzen dituana.

Sagarra oso elementu jantzagarria dala dino Hika Teatroko Agurtzane Intxaurragak. Biribiltasun horrek mobimendurako konbitea egiten dau. Euskal jantza tradizionala oinarri hartuta, forma eta modu garaikideagoak be jorratzen ditu ikuskizunak. Agurtzane Intxaurragak zuzendu dau, Arantxa Iturberen testuetan oinarrituta. Koreografiaren arduraduna Eneko Gil izan da. Eta oholtza ganean, Miren Gojenola aktorea eta hamabost jantzari izango dira, baita Iñaki Dieguez eta Iker Telleria musikariak be.

Martiaren 18an, domekan, Euskalduna Jauregira joango da Loraldia, Kukai taldeak han aurkeztuko dauelako Oteizak 110 ikuskizun barria. Loraldirako berenberegi sortu dabe eta ez dabe barriro oholtzara eroateko asmorik, beraz aukera bakarra izango da. Hori bai, danek ikusi ahal izan daien, hiru saio emongo ditue bata bestearen atzetik.

Jorge Oteiza eskultorea oinarri dala, artelan, jantzari eta publikoaren arteko interakzinoa bilatzen dau ikuskizunak, eta horretarako bost jantzariak publikoaren artean ibiliko dira. Mireia Gabilondok zuzenduko dau, Jon Mayaren koreografiagaz eta Fernando Bernuesen eszenografiagaz. Musikearen alorrean, Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Mikel F. Krutzagaren piezak entzungo dira.

Martiaren 18an bertan, baina La Fundicion aretoan, Lekeitioak estreinauko dabe. Mizel Théret jantzariak sortutako piezea da, bakarlari batentzat aproposa. Mikel Laboaren lan esperimentaletan oinarrituta dago, Lekeitioak seriean batez be.

Bost piezatan banatzen da: OrreagaItsasoa eta lehorraCherokeeGernika eta Dialektikaren laudorioa. Sortzaileak azaldu dauenez, txilioa nagusi da bost piezetan, bere bortizkeria osoan. Sorkuntza honen bitartez jantzearen mugak arakatu nahi izan ditu Théretek, Mikel Laboak bere musikan egin eban legez.