Kapitalismoari eta metaketari eginiko kritika jarriko du mahai gainean Gutun Zuriak

uriola.eus 2018ko api. 23a, 09:04

Gutun Zuriaren aurkezpena (Arg. @AzkunaZentroa)

Naturara itzultzea. Utopia literarioa ote? titulupean, Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren XI. edizioak literatura garaikideko idazle ospetsuak bilduko ditu gaurtik apirilaren 29ra.

Naturaren defendatzaile unibertsala eta Walden eta Desobedientzia zibila lanen egilea izan zen Henry David Thoreau jaio zela 200 urte betetzen direla-eta, jaialdiak hausnarketa piztu nahi du, naturarekin harremanean egoteko eta ingurunearekin oreka bilatzeko beharraz, eta galdutako paradisua balitz bezala natura basatira itzultzeko joeraz.

Aurten, Gutun Zurian, kapitalismoan eta metaketan oinarritutako egungo gizarteari egindako kritika jarriko da mahai gainean, eta, aldi berean, egungo gizakiari gonbit egingo zaio gure komunitateetatik itxuraz ezkutatuta dagoen zoriontasunaren bila abiatu dadin.

 

Solasaldiak

Idazleen arteko hainbat solasaldi antolatu dituzte. Nabamentzekoa da euskal idazleen parte-hartzea.

Apirilak 24: Solasean Manuel Rivas, Eudald Carbonell eta Stefano Mancuso

Apirilak 25: Solasean Maja Lunde eta Lars Mytting, Idoia Jauregirekin

Apiriak 26: Solasean Bernardo Atxaga eta Hasier Larretxea, Karmele Jaiorekin

Apiriak 27: Solasean Ixiar Rozas eta Maider Lopez, Iñigo Astizekin

Apirilak 28: Solasean Aingeru Epalza eta Juanra Madariaga, Miel Anjel Elustondorekin

Apirilak 28: Solasean Terry Tempest Williams, Francisco Ferrer Lerinekin

Apirilak 29: Solasean Cesar Aira Maria Luisa Blancorekin

 

ELE!

Gutun Zuriak ELE! programarekin ospatuko du Liburuaren Nazioarteko Eguna gaur, hilak 23. Ikuskizun berritzailea izango da, jarduera musikalez, poetiko-errezitatiboz eta dantzako koreografiez betea; eta aurreko mendeko hainbat poeta ekarriko ditu orainera, arteko giza balioak eta aniztasuna hizpide izateko.

Jakina denez, 1930eko hamarkadatik aurrera, belaunaldi berbereko hainbat sortzaile poesia eta artea, oro har, errealitate sozialera gehiago hurbiltzearen alde agertu ziren. Federico Garcia Lorca, Lauaxeta, Hernandez, Cernuda eta, pixka bat beranduago, Gabriel Aresti hurbilketa horren babesle gailenak izan ziren. Egile horien guztien lanak bateratuz, ELE! programak "arte garaikideak herri-kulturarekin duen konpromisoa islatu nahi du, bide artistiko berriak urratu nahian". Gutun Zuriko arduradunen hitzetan, garai hauetan, artean "zentsura berriz ikusten ari garela, ezinbestekoa da sortzaileek askatasunarekin duten konpromisoa berritzea".

ELE!-ren partaide dira Eñaut Elorrieta (kantaria eta narratzailea), Ana Salazar (dantzaria eta kantaria), Gorka Hermosa (musikaria eta konpositorea) eta Jesus Prieto Pitti (gitarrista eta musikagilea). Jatorrizko testuetan oinarritutako ikuskizuna da, euskara eta gaztelania uztartzen dituena. Gorka Hermosak eta Jesus Prieto Pitti-k sortu dute jatorrizko musika ikuskizunerako. 

 

[Gutun-zuria-2018]