Josu Bergararen apustu handia

uriola.eus 2018ko mar. 14a, 12:59

Argazkia: Taupaka

Bere bandaren laguntzarekin, bosgarren diskoko bederatzi abesti grabatu ditu Josu Bergara kantautoreak Urdulizko Tio Pete estudioan.

Zazpi musikarien laguntza izan du grabaketan Bergarak. Eskarmentu handiko musikariena. Nerea Alberdi Etxebarria bibolin-jotzailea eta konpositorea, Mikel Nuñez Lauzirika piano-jotzailea, Irati Bilbao Gandarias abeslaria, Daniel Gonzalez Alvarez baxu-jotzaile eta kontrabaxu-jotzailea, Lüi Young gitarra-jotzailea eta Txema Arana bateri-jotzailearena, hain zuzen ere. 

Grabazio sesioetara artista eta gonbidatu bereziak gerturatu dira, besteak beste, Gaizka Peñafiel trikitilaria, Naroa Gaintza abeslaria eta Rayco Sanchez raperoa.

Ekoizpen musikala Bilboko Dr. Maha´s Miracle Tonic taldeko abeslariaren ardura izan da, David Sanchez Damianena.

Urdulizko Tio Pete estudioan, grabaketan Unai Mimenza aritu da teknikari lanetan. 

Grabazio guztia zuzen-zuzenean egin dute. Musikari guztiak elkarrekin aritu dira sesio akustikoetan, eta koladun piano bat ere alokatu dute beren-beregi grabaketarako. 

Guztira, bederatzi abesti grabatu dituzte. Berauetan doinu akustikoak dira nagusi Taupaka disketxeko arduradunen hitzetan. "Jazz musikaren eragina nabaria izan da, batez ere pianoa, kontrabaxua eta bateria-jotzailearen lanean". 

Bergararen zuzenekoek sekulako garrantzia izango dutela iragarri dute, "oraingo honetan, bandako musikari bakoitzaren fintasuna eta samurtasunari protagonismo berezia eskaini nahi izan diotelako". 

Abestien hitzetan eta melodietan "ardatz poetiko argiak" sumatzen dira, eta oinarri literarioak "letra ezberdinetan igarri daitezke". Horrez gain, kantuegileak gai anitzak jorratzen ditu, batzuk "nahiko xelebreak". Aitatasuna eta deskonexio teknologikoa, adibidez. Beste batzuk "ohikoagoak" euskal kantagintzan, adierazpen askatasuna eta zenbait gai sozial edota politikoak hizpide dutenak, esate baterako. 

Josu Bergarak "apustu handia" egin du disko berriaren autoekoizpen, grabazio eta produkziorako. Emaitza ekainean aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian.