Euskal Herri osoan egin da ikerketa, 2.500 inkestaren bidez. Azterketaren emaitza nagusiak gaur aurkeztu dituzte Elkar Fundazioko Joxemari Sorsek eta Siaderco Ikerketa Elkarteko ordezkari Juango Allurrek.
Hedabideen kontsumoari dagokionez, herritar euskaldunak soilik hartuta, hau da joera: %20k euskarazko prentsa irakurtzen dute. %19k adierazi dute ez dutela prentsarik batere kontsumitzen. Erdarazko komunikabideen kontsumoa oso gainetik dago, beraz (%58). Adin gazteagoarekin, handiagoa da euskarazko komunikabideen kontsumoa ezagutza ere handiagoa da: 16-31 urterekin, herritarren %8k kontsumitzen dituzte euskarazko komunikabideak; 32-54 urterekin, %5ek; eta 55 edo gehiagorekin, %4k. Herritar erdaldunen artean handiagoa da batere komunikabiderik irakurtzen ez dutenen portzentajea: %24.
Telebistari dagokionez, hamar herritarretik batek aipatu du euskarazko telebista kateren bat gehien ikusten dituen bien artean. Herritar euskaldunak hartuta, euskarazko telebistaren bat %42k ikusten dute; %48k ez dute euskarazkorik batere ikusten.
Sare sozialen erabilera asko aldatzen da adinaren arabera, 45etik gorakoetan, oraindik, gehiago dira sare sozialak erabiltzeko ohiturarik ez dutenak; 16tik 25era artekoetan berriz, sare sozialen erabilera orokortua dago, 10 gaztetatik 9k erabiltzen baitituzte.
Irakurtzeko ohitura
Liburu irakurleak dira hamar euskal herritarretik zazpi: %58 ohiko irakurleak dira ─libururen bat irakurri dute azken hilabetean─, eta %12, noizbehinkakoak ─azken liburua duela sei hilabete baino gutxiago irakurri dute─. Kopuru horiek badituzte gorabeherak aldagai batzuen arabera:
– Generoa. Ohiko irakurleak dira emakumeen %62; gizonetan, %52.
– Lurraldea. Ipar Euskal Herrian handiagoa da ohiko irakurleen portzentajea: Euskal Herrian %58 dira, eta Ipar Euskal Herrian, %68.
– Adina. 16-25 urteko gazteek irakurtzen dute liburu gehien. Horretan, hala ere, zuzeneko eragina dute ikasketekin lotutako liburuek.
– Hizkuntza gaitasuna. Euskaldun diren herritarretan, liburu irakurleak gehiago dira, %60; ez euskaldunetan %56.
Euskarazko eta erdarazko liburuak
Euskal herritarren %11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak: %6k, ohikotasunez; %5ek, noizbehinka. Kontuan izatekoa da lau euskal herritarretik bakarra dela euskalduna. Nolanahi ere, herritar elebidunak hartuta ere, haien artean ere gutxiengoa dira euskarazko liburuen irakurleak: %42 ─%22 ohiko irakurleak dira, eta %19 noizbehinkakoak─.
Aisialdiko liburuak bakarrik hartuta, euskarazko liburuen irakurleak diren herritar elebidunen ehunekoa, oraindik eta baxuagoa da: %34 ─%15 ohiko irakurleak eta %19 noizbehinkakoak─. Aldiz 10 herritar elebidunetatik 6 baino gehiago, %62, badira erdarazko liburuen irakurleak ─%44 ohiko irakurleak eta %18 noizbehinkakoak─.
Euskararen merkatua
Siadecoren ikerketak azaldutako datuen gainean, ideia batzuk azpimarratu ditu Joxemari Sorsek, Elkar Fundazioaren izenean. Emandako datuen arabera, Euskal Herriko 15 urtetik gorako 10 biztanletik 7 dira irakurleak, %58 berriz ohiko irakurleak ─1.500.000 lagun─; euskarazko ohiko irakurleak, berriz, %6 dira ─160.000 lagun─, euskaldunen artean %22 dira ohiko irakurleak. Datu horrek bat egiten du euskarako prentsa irakurleen datuarekin ─%5ek diote irakurritako bi egunkari nagusitik bat euskarazkoa dela─. "Datu hori markatu beharrekoa dela uste dugu, askotan egiten diren irakurketak bere lekuan jartzeko", Sorsen hitzetan. "Ondoriozta daiteke euskarazko idatzizko ekoizpenaren inguruan dagoen merkatua 150.000 lagun ingurukoa dela, eta horrek ematen duen neurria mugatua da. Horrek berak, besterik gabe, eskatzen du euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatzea eta lantzea sektorearen eta administrazioaren artean. Aldi berean, erakusten digu euskarazko ekoizpenak baduela merkatua handitzeko aukera, euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzea lortzen badugu".
Euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia, euskaraz irakurtzeko erraztasunik ez izatea
Euskaldunen %42k esaten dute euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia erraztasun falta dela. Horrek, "zoritxarrez", agerian uzten du euskaldunen ia erdiaren hizkuntza gaitasuna, kultura eta bizi hizkuntza nagusia ez dela euskara, euskararen gutxitasun egoera. Beraz, "defizit inportante bat" dago hor. "Euskaraz gustuko libururik ez izatea edo interes falta ez dira arrazoi nagusiak eta hori ere azpimarratzekoa da".
Esperientzia digitala
Gaur egun oraindik gehiengoak paperera jotzen du liburuak irakurtzerakoan, bai behintzat aisialdiko irakurketa esango genukeen horretan. %15ek esaten dute gero eta gehiago irakurriko duela digitalean, eta bada %3 esaten duena gutxiago egingo duela aurrerantzean. Hortaz, liburu digitalak ez du, "oraingoz, garai batean esaten zen bezala egiten aurrera, jendeak nahiago du papera". Horretan, Sorsen ustez, badu zer ikusia irakurketak berak, irakurketa aktibitatea aktiboa delako, esfortzua eskatzen duena, gutxieneko kontzentrazio bat, eta badirudi hori, gaur gaurkoz paperean errazago lortzen dela. "Esan genezake papera eta digitala, biak izango ditugula. Hori bai, erosketari dagokionez, liburu-denda fisikoa izan arren erosteko leku nagusiena, gero eta joera handiagoa dago erosketa Internet bidez egiteko, batez eregazteen artean, eta horrek gora egingo du hurrengo urteetan".
Musika
Formatu fisikoa ia desagertzen ari da musikan. Jendeak irratiz edo gailu elektronikoei bidez entzuten du, oso gutxik erosten dituzte diskoak, eta digitalean ere, "ez ordaintzeko joera dago". Sorsen esanetan, "ikusiko da hurrengo urteetan zein norabidetan joango den. Musikaren industria bai aldatu da erabat".
Gogoeta kultur produktuak doan jasotzeko joeraren aurrean
"Bada garaia, kultura ordaindu egin behar dela, balioan jartzeko", dio argiro Sorsek. "Bizitzako edozein eremutan bezala, kulturan ere enpresak eta langileak daude, eta haien lanak ordaina behar du. Ez bagaude prest liburu, disko, zinea eta abarrengatik ordaintzeko, nor dedikatuko da kulturara? Nondik etorriko dira baliabideak sortzaileentzat eta kultur sistema osoarentzat? Ezin dugu gaia pasatzen utzi, eta serio landu beharko genuke denon artean".
Siadecok eginiko ikerketak erakusten du liburuak oraindik merkatu bat badutela, baina jakina da irakurketa jaisten ari dela, besteak beste, jendeak gero eta denbora gutxiago duelako, telebistak, mugikorrak eta beste abarrek hartzen duen denbora beste leku egiteko batzuetatik desagertzen da. Beraz ez da liburuarena goraka joango den merkatua izango: "Oso kontuan hartu beharko genuke euskarazko merkatuaren tamaina, haren izaera ahularekin. Horrek eragin zuzena du argitaletxeen ibilbidean, gero eta tirada txikiagoak egiten dira eta momentu batetik aurrera, ez da errentagarria. Sektoreak erronka handiak ditu aurrera begira".
[Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren azterketa]