Zaleak "elkarrengandik banantzeko" erabiliko du Ertzaintzak San Mameseko sarbideetan itxitura-sistema. Ertzaintzaren arabera, neurriak "ez du eraginik izango estadioko guneetan ez eta ebakuazio-neurritan ere, eta partidaren ondoren kenduko da".
Ertzaintza ostalaritza eta dendari elkarteekin ere jarri da harremanetan partidaren aurreko orduetan edariak ez ditzaten kristalezko edalontzietan eta botiletan zerbitzatu. Antzeko kudeaketak egin dituzte udal-zerbitzuekin San Mames ingurutik beira-edukiontziak erretira ditzaten.
Kontrol bereziak egingo ditu Ertzaintzak zelairako sarbideetan, eta segurtasun-langileekin batera zorrotz jokatuko du "ez daitezen Kirolaren Legean debekatutako objektuak sartu" (bengalak, petardoak, botilak, eta abar), eta "mezu iraingarriak edo indarkeria bultzatzen duten pankartak edo sinboloak erakustea debekatzeko". Era berean, ez zaie zelaian sartzen utziko alkoholdun edo drogen eraginpean daudenei.
Gomendioak zaleei
Zelaira joateko asmoa dutenei Ertzaintzak gomendatu die ohi baino lehenago joateko ilarak eta pilaketak saihesteko. Era berean, Ertzaintzak eskatu du "polizia-dispositiboari laguntzeko, arrazionaltasunez eta lasai jokatzeko eta berehala aldentzeko sor daitekeen edozein istilu edo gorabeheratatik".
Segurtasun-dispositiboa
Egun osoan zehar espero da etengabe iritsiko direla Marseillako futbol-taldearen jarraitzaileak. Gehienak errepidez etorriko dira eta gutxi batzuk hegazkinez. Ertzaintzak gune espezifikoak mugatuko ditu ibilgailuak aparkatu eta zaintzeko.
Frantziako jarraitzaileen inguruko segurtasun-neurriak hiri osoan ezarriko dira, eta partida amaitu arte eta Frantziako taldeak eta jarraitzaileek hiritik alde egin arte mantenduko dira.
Argazkia: @ondavasca