Aipatu bezala, guztira 2500 inketa egin dira Euskal Herri osoan, 16 urtetik gorako herritarrei. Bizkaian, 996 ikesta egin dituzte, % 37,7a hain zuzen. Aztertutako laginari dagokionez, euskaldunak % 26,6a izan dira.
Hedabideen kontsumoari dagokionez, euskal herritarrei % 5,8k dituzte euskarazko egunkariak gehien irakurritako bien artean. Herritar euskaldunak soilik hartuta, hau da joera: % 20,6k euskarazko prentsa irakurtzen dute. % 19,3k adierazi dute ez dutela prentsarik batere kontsumitzen.
Telebistari dagokionez, hamar herritarretik batek aipatu du euskarazko telebista kateren bat gehien ikusten dituen bien artean. Herritar euskaldunak hartuta, hara: euskarazko telebistaren bat % 42k ikusten dute; % 48k ez dute euskarazkorik batere ikusten.
Sare sozialen erabilera asko aldatzen da adinaren arabera, 45etik gorakoetan, oraindik, gehiago dira sare sozialak erabiltzeko ohiturarik ez dutenak; 16tik 25era artekoetan berriz, sare sozialen erabilera orokortua dago, 10 gaztetatik 9k erabiltzen baitituzte.
Euskarazko eta erdarazko liburuak
Euskal herritarren % 11k irakurtzen dituzte euskarazko liburuak: % 6k, ohikotasunez; % 5ek, noizbehinka. Kontuan izatekoa da lau euskal herritarretik bakarra dela euskalduna. Nolanahi ere, herritar elebidunak hartuta ere, haien artean ere gutxiengoa dira euskarazko liburuen irakurleak : % 42 – % 22,9 ohiko irakurleak dira, eta % 19,4 noizbehinkakoak-.
Aisialdiko liburuak bakarrik hartuta, euskarazko liburuen irakurleak diren herritar elebidunen ehunekoa, oraindik eta baxuagoa da: % 34,4 – % 15,1 ohiko irakurleak eta % 19,3 noizbehinkakoak-. Aldiz 10 herritar elebidunetatik 6 baino gehiago, % 62,9, badira erdarazko liburuen irakurleak – % 44,4 ohiko irakurleak eta % 18,5 noizbehinkakoak-.
Euskaraz irakurtzeko zailtasuna
Euskaldunei galdetu zaie zein diren euskarazko liburuen irakurketa mailan eragin handiena duten faktoreak. Euskaraz irakurtzeko ohitura edo erraztasun falta agertu da maizenik: %42,5ek adierazi dute hori. Nabarmen atzerago dago euskaraz gustuko libururik ez aurkitzea (%9,9).
Papereko liburuak non erosi, gertuko edo herriko bertako liburu dendena da aukerarik ohikoena: %46,9 herritarrek hori diote. Segidan daude liburu denda handiak (%35,5) eta merkataritza gune handietako saltokiak (%20,3).
Papereko liburuak Internet bidez erosteari dagokionez, %11,4k adierazi dute badutela horretarako ohitura ―bi erosketa leku hautatzeko eskatu zaie―. Ohiko liburu irakurleek joera handixeagoa dute Interneten erosteko: %16k.
Adinaren arabera alde handia dago liburuak erosteko Internet baliatzeko: 44 urtera artekoetan, hamarretik ia bik erosi dituzte papereko liburuak Interneten; hortik zenbat eta gorago, gutxiagok. Bestalde, 44 urtez beherako herritarrek, zein liburu erosi aukeratzerakoan, garrantzi handiagoa ematen diote Internet bidez erosteko aukera izateari. Liburu bati buruzko informazioa eskuratzeko, %25,6 herritarrek baliatzen dituzte Internet eta sare sozialak ―zenbat eta gazteago, handiagoa da bide horietara jotzeko ohitura―. Nolanahi ere, lagunen gomendioak izan ohi dira ohikoenak: %49,6.
Musika entzuleak
Hamar euskal herritarretik seik egunero edo ia egunero entzuten dute musika; hamarretik ia bik, gutxienez astean behin. Hamarretik bakarrak ez du musikarik entzuten. Gazteen artean handiagoa da musika kontsumoa: 16-25 urterekin, %90ek entzuten dute egunero edo ia egunero. Adinean gora, txikiagoa da kontsumoa: 65 urtetik gorakoetan, %46k dute musika egunero entzuteko ohitura.
Irratia da musika entzuteko bitarteko nagusia: %42k aipatu dute. Segidan daude gailu elektroniko eramangarriak (%31): sakelako telefonoa, MP4a…
Hamar euskal herritarretik hiruk (%29,5) erosi du azken urtean gutxienez disko bat (CD, DVD, binilo…). Ipar Euskal Herrian handiagoa da erosleen portzentajea: %51k adierazi dute azken urtean disko bat behintzat erosi dutela. Euskarazko diskoei dagokienez, euskaldunen %30ek erantzun dute erosi dutela azken urtean; ez-euskaldunetan, %6k.
Ideiak
Siadecoren ikerketak azaldutako datuen gainean, hiru idei nagusi azpimarratu ditu Joxemari Sorsek, Elkar Fundazioaren izenean.
Lehenengo ideia, euskararen merkatua. Emandako datuen arabera, Euskal Herriko 15 urtetik gorako 10 biztanletik 7 dira irakurleak, %58 berriz ohiko irakurleak ─1.500.000 lagun─; euskarazko ohiko irakurleak, berriz, %6 dira ─160.000 lagun─, euskaldunen artean %22,9 dira ohiko irakurleak. Datu horrek bat egiten du euskarako prentsa irakurleen datuarekin ─%5,6k dio irakurritako bi egunkari nagusitik bat euskarazkoa dela─. Datu hori markatu beharrekoa dela uste dugu, askotan egiten diren irakurketak bere lekuan jartzeko. Ondoriozta daiteke euskarazko idatzizko ekoizpenaren inguruan dagoen merkatua 150.000 lagun ingurukoa dela, eta horrek ematen duen neurria mugatua da. Horrek berak, besterik gabe, eskatzen du euskal ekoizpena gizarteratzeko politika eraginkorragoak pentsatzea eta lantzea sektorearen eta administrazioaren artean. Aldi berean, erakusten digu euskarazko ekoizpenak baduela merkatua handitzeko aukera, euskaldunek euskaraz gehiago irakurtzea lortzen badugu.
Bigarren ideia, aurrekoarekin lotuta, euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia, euskaraz irakurtzeko erraztasunik ez izatea. Euskaldunen %42ak esaten du euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia erraztasun falta dela. Horrek, zoritxarrez, agerian uzten du euskaldunen ia erdiaren hizkuntza gaitasuna, kultura eta bizi hizkuntza nagusia ez dela euskara, euskararen gutxitasun egoera. Beraz, defizit inportante bat dugu hor. Euskaraz gustuko libururik ez izatea edo interes falta ez dira arrazoi nagusiak eta hori ere azpimarratzekoa da.
Hirugarren ideia bat, esperientzia digitalareninguruan. Gaur egun oraindik gehiengoak paperera jotzen du liburuak irakurtzerakoan, bai behintzat aisialdiko irakurketa esango genukeen horretan. %15ak esaten du gero eta gehiago irakurriko duela digitalean, eta bada %3a esaten duena gutxiago egingo duela aurrerantzean. Beraz, liburu digitalak ez du, oraingoz, garai batean esaten zen bezala egiten aurrera, jendeak nahiago du papera. Horretan, gure ustez badu zer ikusia irakurketak berak, irakurketa aktibitatea aktiboa da, esfortzua eskatzen du, gutxieneko kontzentrazio bat, eta badirudi hori, gaur gaurkoz paperean errazago lortzen dela. Beraz, esan genezake papera eta digitala, biak izango ditugula. Hori bai, erosketari dagokionez, liburu-denda fisikoa izan arren erosteko leku nagusiena, gero eta joera handiagoa dago erosketa Internet bidez egiteko, batez eregazteen artean, eta horrek gora egingo du hurrengo urteetan.