Galiziar eta euskaldunen arteko hartuemana

uriola.eus 2018ko mar. 15a, 12:06

Galiziarren immigrazioaren eragina Euskal Herrian aztertzen du Sitio Distinto dokumentalak eta gizartean errotuta dauden topiko eta aurreiritziak apurtzea du helburu. Gaur Zirika gunean eta bihar Zazpi Katu gaztetxean ikusteko aukera izango da. 

Davide Cabaleiro ikus-entzunezkoen inguruko ikasketak egitera etorri zen Coruñatik Euskal Herrira. Andoainen bi urte ikasi ondoren, lau urte bizi izan da Bilbon. Egun, galiziarra bezain bilbotarra sentitzen dela aitortzen du. Ikasketak amaitu eta gero, galiziar immigrazioak euskal kulturan utzitako "hazia" ikertzeko, eta deseroso sentiarazten zioten topikoak "apurtzeko" ikus-entzunezko lana egiteari ekin zion.

Cabaleirok adierazi duenez, "ez nekien hainbeste galiziar hemen zegoenik". Gaur egun Euskal Herrian 50.000 galiziar diren arren, bere garaian 100.000 pertsona izatera heldu zirela azaldu du. "Kopuru hori hazi bat behintzat utzi du, hemengo kulturarekin batzeko".

Ezustekoan harrapatu zuen Masustegi auzoak Cabaleiro, "batez ere arkitektonikoki". Bilboko auzoan etxeak inolako antolamendurik gabe eraikitzen hasi ziren aurreko mendean Galiziatik lan bila etorri ziren etorkinak. Galizian eraikitze modu horri "feismoa" deitzen diotela azaldu du. "Masustegiko jendeak etxe bat behar zuen bizitzeko eta, egunero 12 ordu lan egiten pasa eta gero, ez zuen denborarik pentsatzeko nola eraiki nahi zuen etxea", horregatik, "bitxia da". 

Gainera, Galiziatik Masustegira zuzenean zihoan bus linea ere sortu zutela jakitera eman du. 

Bilbo Handian Galiziako bihotza ez da Bilbo hirian kokatzen, Ezkerraldean eta Meatzaldean baizik. Munduko bigarren Galizia Etxerik garrantzitsuena Barakaldon dagoela azaldu du, hori galiziarren influentzia adibide argia izanik.

Dokumentala iazko Zinebi jaialdian estreinatu ostean lekuz leku eta pantailaz paintala ibili da. Gaur Zirika gunean proiektatuko dute 19:00etan eta bihar Zazpi Katu gaztetxean 20:00etan.