Asian eta Oceanian bira egin ondoren, Bartzelonan jo zuten pasa den astean, eta larunbatean, azkenean, etxean egongo dira berriro. Hatortxu XX.etik ez dutela Euskal Herrian jotzen, beraz, gogotsu agertu dira gaur goizeko prentsaurrekoan: "disko berriko birarekin etxean joko dugun kontzertu bakarra izango da hau, eta berezia izatea espero dugu."
Bartzelonan sarrera guztiak agortu zituzten, eta datorren hilabetean Madrilen emon behar duten kontzerturako, dagoeneko sarrera guztiak saldu dituzte. BECen egingo duten kontzerturako, berriz, sarrerak geratzen dira, baina 200 bat soilik. Argitu dutenez, aforoa 10.300 lagunentzat izango da, eta dagoeneko 10.000 sarrera baino gehiago saldu dituzte.
Beraientzat, 5.000 lagun biltzea "arrakasta izugarria" izango litzatekela onartu dute, beraz, saldu dituztenak kontuan hartuta, benetan pozik azaldu dira gaurkoan. Beti izan dute kexa hori etxean jo dutenean, mila edo bi mila pertsonentzako saletan birritan edo hirutan jo behar zuten zale guztiek joateko aukera eduki dezaten. Aurten, leku handi baten bila zeuden, eta BEC, dagoen plazarik handiena, aukeratu zuten. Sarrera guztiak saltzea amets hutsa dela aitortu dute, baina orain, ametsa egia bihurtzeko zorian dagoenean, jendea animatzea espero dute eta Sold Out kalrtela jartzea BEC bezalako eszenatoki batean.
Antolatzaileek aitortu dutenez: “Inoiz egin dugun ekimenik handiena da hau. Teknikoki eta artistikoki guretzat erronka bat da." Taldearentzat urte guzti hauen ondorioa kontzertu hau izango dela adierazi dute. Bai taldeak, bai zaleek, gozatzea izan behar dute xede, eta disfrutatzeko eta gogoratzeko kontzertua izatea nahi dute.