Doña Casildaren parkean lo egin ohi duen pertsona bat jipoitu eta iturrira bota zuten hiru gaztek joan den ostiralean. Ertzaintzak hirurak atxilotu zituen. Etxegabea ospitalean artatu zuten. Hasiera batean salaketa jartzeari uko egin bazion ere, hainbat erakundetako ordezkarik animatuta, salaketa aurkeztu du.
Atzokoa erasoa gaitzesteko elkarretaratzea izan zen. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei laguntzen dieten taldeek osatzen duten Beste Bi plataformak deitutakoa. 200 bat lagun batu ziren Sendejako estalpeetan. Batzuk etxegabeak, besteak etxegabeekin lan egiten dutenak, baita ekimenarekin bat egin zuten bilbotarrak ere. Gertatuaren aurreanb, erabateko gaitzespena adieraztea zuten xede. "Ezin ditugu onartu horrelako erasoak, ez Bilbon ez beste inon", adierazi zuten Beste Bi plataformako lagunek. "Eta horrelako erasoek ezin dute zigorgabe geratu", erantsi zuten.
Hori horrela, Bilboko Udalari erantzun irmoa adierazteko eskatu diote: gaitzespen mezu zuzen eta sendoa zabal dezala, akusazio partikular bezala bere burua aurkez dezala eta pertsona ahulenen eskubide eta duinatasuna defenda dezala.
"Gizarte kohesionatu bat lortzeko bidean onartezinak diren ekintza batzuen aurrean", Udalak akusazio partikular bezala aurkezteko eskariarekin bat egin du EH Bildu koalizioak.
Aporofobia kasuak ez dira ohikoak gure artean Beste Bi plataformako kideek azaldu dutenez. Estatu mailan, aldiz, gora egin dute aporofobia erasoek. Hirutik etxegabe bat iraindua izan da eta bostetik bat fisikoki erasotua. Normalki, parrandan ibili ohi diren 18 eta 35 urte bitarteko gizonak izaten dira erasogileak.
Bilboko kaleetan 210 lagunek egiten dute lo, duela bi urte 100 bat ziren.