Aniztasunetik eta bizikidetzatik Ogiaren Jaira

uriola.eus 2018ko mar. 16a, 09:30
Ogiaren Jaia, iaz (Argazkia: @auzoakabian)

Laugarren urtez ospatuko dute larunbatean Iralan Ogiaren Jaia. Antolatzaileek keinu partekatu bat egin gura diete Iralako historiari, gizartearen kohesioari eta auzoetako kulturarteko elkarrizketei.

Aurten ere, ogia izango da jaiaren gaia eta jaian bilduko diren kultura guztiak kohesionatuko dituen elementua, Munduko ogiak erakusketaren eta dastaketaren bidez. Kultura ezberdinak eta auzoetako aniztasuna denek ikusteko moduan egongo da, eta "marra ipiniko dugu batzen gaituen hartan beti herritarren ikuspegitik eta giza eskubideen ikuspegitik", diote antolatzaileek.

Martxoaren 17an goizeko 11:00etan hasiko dira jarduerak ralako Kirikiño plazan.

 

Jaiaren ardatzak

Elkarteen azoka: Irala eta Ametzolako elkarteek, taldeek eta zerbitzuek jarriko dituzte euren stand-ak eta normalean egiten duten lana erakutsiko dute.

Munduko ogiak: Munduko ogien erakusketa eta dastaketa, auzoek eurek eginak.

Goiz guztian zehar izango dira: capoeira erakustaldia, 'brave fighters', euskal dantzak, Uruguaiko dantzak, abesbatzen kontzertua, irrati-tailerra, musika-tresnen tailerra, estresaren aurkako bolen tailerra, xake-tailerra, borlen tailerra, sormen-tailerra, txotxongilo-tailerra, aurpegiak pintatuko duen artista, jolas herrikoiak, gominolazko loreak egiteko tailerra, paperezko loreak egiteko tailerra, kameu-tailerra, erakusketak eta photocall-a.


Komunitate-arloko programazioa jaiaren erdigunean

Iaz erabaki eta gizarteratu zen komunitate-arloko programazioa, Auzoa eraikitzeko SAREtu gaitezen lemapean. Pertsonen bizimodua hobetzeko ekimen asko egon ziren. Ekimen horietako batzuek lekua izango dute Ogiaren Jaian, herritarrei ezagutzera emateko.

Auzoari bizia ematen estrategia: auzoei bizia emateko jarduerak antolatzeko interesa partekatzen duten Iralako eta Ametzolako 40 dendatik gora eta auzo-talde bat daude dinamika honetan. Besteak beste auzoko merkataritza indartu gura dute. Ogiaren Jaiaren barruan herritarrek, zerbitzu teknikoek eta erakundeek elkarlanean diseinatu eta koordinatutako kanpaina bat abian jarriko dute. Komunitate-arloko programazioaren barruan dago ekimen hau; hain zuzen, “merkataritzaren sustapena” izeneko lan-ildoaren barruan.

Emakumeak elkartzeko espazioak: auzo bietako talde eta entitateek lanean dihardute gizarte-sare nahikorik ez duten emakumeen topalekuak sortzeko edo esperientziak trukatzeko espazioak sortzeko eta horrela sinergiak gauzatzeko aukera ere baloratu egiten da. Komunitate-arloko programazioaren barruan dago ekimena, hain zuzen, isolamendua gainditzeko lan-ildoan.

Osasun komunitarioa: Osasun Komunitarioaren Mahaia sortu berri dute Iralan eta Ametzolan. Jaian ere egongo da; izan ere, mahaia osatzen duten entitateetako batzuk jaian egongo dira osasun komunitarioari lotutako zenbait jarduera egiten. Komunitate-arloko programazioaren barruan dago ekimena, hain zuzen, isolamendua gainditzeko lan-ildoan.

 

Komunitatea kohesionatzea bizikidetzaren bidez

Ogiaren jaiaren asmoa "nortasun-eredu inklusiboa" sustatzea da, Iralan eta Ametzolan "bertakoa izatearen harrotasuna sustatzeko", auzoko bakoitzaren jatorria edozein izanda ere. 30 eragile baino gehiago aritu dira jardunaldia antolatzen, talde komunitarioak lana erraztu dielarik. Horretarako lan-batzorde batzuk eratu dituzte eta hilabete bi baino gehiago jardun dute lanean.

La Caixa Gizarte Ekintzak estatuan bultzatzen duen Kulturarteko Komunitateko Esku-hartze Proiektuaren (ICI) barruan kokatzen da ekimena. Bilbon, Udalarekin eta Gazteleku komunitatearen garapenerako elkartearekin elkarlanean prestatu da proiektua. Proiektuko 37 lurraldeetatik gehienetan topaketak egiten dira martxoan eta apirilean helburu berarekin: "Komunitatea kohesionatzea bizikidetzaren bidez".

Komunitatearen barruko prozesua 2014an hasi zen Irala eta Ametzola auzoetan eta ordutik partaidetzarako espazioak garatu dute eta elkarlanaren kultura errotu dute komunitatearen kide ezberdinen artean; hots, herritarren, baliabide teknikoen eta erakundeen artean.