Bilboko 1.664 neskato-mutikok eta gaztek aukera izango dute Aste Santuko oporraldirako umeen eta gazteen aisialdiko programetan parte hartzeko. Hain zuzen ere, tailer hauek egin ahal izango dituzte: “Aste Santuan Primeran Kirola Eginez” eta “Kanpus Bereziak” izeneko programetan 1.160 plaza egongo dira, 5 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteentzat; “Guneberri” eta “Kideberri” programetan, 384 plaza egongo dira 5 eta 12 urte bitartekoentzat: eta “Zientzia Zoroa” tailerretan 120 leku, 8 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoentzat.
Programa hauekin, Udalak nahi du umeen oporraldietan familia eta lana bateragarri egiten laguntzea eta bestetik, neskato-mutikoek jolas eta trebetasun berriak ikasteko aukera izatea eta inguruko beste neska-mutil batzuekin harremana izatea. Jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta hezkuntza ez-formala landuko da, aisialdiko jardueretan ondo pasatzen duten bitartean.
“ASTE SANTUAN PRIMERAN KIROLA EGINEZ” ETA “KANPUS BEREZIAK”
Bilbao Kirolak-ek “Aste Santuan Primeran Kirola Eginez” programa gauzatuko du 5 eta 13 urte bitarteko neskato-mutikoentzat (2005-2012) ; 882 plaza eskaini ditu hainbat kirol praktikatzeko: badmintona, saskibaloia, padela, tenisa eta uretako jolasak, beste batzuen artean. Jarduera horiek Deustuko, San Ignazioko eta Txurdinagako udal kiroldegietan izango dira, martxoaren 26tik 28ra eta apirilaren 3tik 6ra, goizez.
Egun eta ordutegi berean Udalaren aisiako beste kirol-ekimen bat ere garatuko da: “Kanpus Bereziak”. 70 plaza egongo dira 5 eta 18 urte bitarteko neskato-mutiko eta gazteentzat (2000-2012). Modalitate hauek eskainiko dira: gimnasia artistikoa, kirol arlokoa eta tranpolina, dance now –dantza modernoa, komertziala, hip hipa, baleta eta gorputza adierazpidea- eta pala eta erraketaz egiten diren kirolak, hau da, tenisa, padela, frontenisa eta badmintona. Kanpus horiek Artxandako eta Txurdinagako kiroldegietan egingo dira, asteka.
GUNEBERRI eta KIDEBERRI
Gainera, Udalak 5 eta 12 urteko neskato-mutikoentzako aisiako 384 leku eskaini ditu. Zehatz esateko, “Guneberri” programa 5 urtetik 9ra bitarteko haurrentzat (2009-2012) da eta 264 plaza eskaini dira; “Kideberri” programa, ordea, 9 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoentzat (2006-2008) da eta 120 plaza eskaini dira. Aurtengo gaia “Lau urtaroekin jolastuz ondo pasa” da, lau urtaroen ingurukoa.
Programa biak apirilaren 3tik 6ra bitartean gauzatuko dira Uriko 8 barrutietan, hau da, Deustuko, Castañoseko, Otxarkoagako, Begoñako, Iralako, Zorrotzako eta Castañoseko udaltegietan, Zazpi Kaleetan (Belostikale 23) eta Abandoko Sánchez Marcos ikastetxean.
“ZIENTZIA ZOROA”
Azkenik, ‘Zientzia Zoroa’ programan parte hartzeko 120 plaza eskaini dira, 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoentzat da (2006-2009). Umeen jakingura zientifikoa sustatzea eta diziplina desberdinetara hurbiltzea (fisika, kimika, magia edo arkitektura) eguneroko objektuak, esperimentuak eta jokoak erabiliz.
‘Zientzia Zoroa’ apirilaren 3an, 4an eta 5ean egingo da Basurtuko Udaltegian, arratsaldez. Aurten lehen aldiz, hiru diziplina desberdin eskainiko dira egunaren arabera: “Esperimentatu superbotereak” “Zientzia magikoa” eta “Arkitektura junior”. Tailerretako hiru orduak hiru zatitan banatuko dira: esperimentuak egitea, ikuskizun bat martxan jartzea eta egindako jarduerarekin lotutako jostailu bat egitea.