Aretxaga-Miribilla gunea, artearen leiho berria Bilbon

uriola.eus 2018ko mar. 20a, 10:16

Udal proiektua irauteko bokazioarekin jaio da, biziberritze sozialerako erreferentziazko gunea sortzeko helburuarekin, Bilbo Zahar, San Fantzisko eta Zabalako hiri, gizarte eta kultur eraldaketan aurrera egite aldera.

Bilbok, gaurtik aurrera, erreferentzia artistikoko puntu berria izango du: ‘Aretxaga-Miribilla’ gunea bokazio sozialarekin irauteko jaio da Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabalan ere.

Berriro ere artea baliatu da auzo hauetan gizartearen kohesiorako eta hiria birgaitzeko tresna gisa. Proiektuak lokala eta unibertsala bateratzen ditu, hau da, “hiriko alde zaharra” eta Miribilla auzo berriaren hasiera, eta artea kalera ateratzen du, hura eraldatuz, eta arte urbanoa izateari uzten dio arte hutsa bilakatzeko.

Bi instalazioak “izaera" desberdinekoak dira: bat estatikoa, 3,8 x 3,8 metroko muralarekin, eta bestea, mugikorra. Azken horretan, hiru hilean behin, tamaina handiko mural desberdinak jarriko dira, guztira 8 obra aurkeztu arte. Gune berri hori Aretxaga eta Miribilla kaleen arteko bidegurutzean egongo da.

Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianok eta proiektuaren sortzaile Andoni Eubak –ibilbide handi eta sendoko artista, Stanislav Sadovy Ukrainiako artistarekin batera erakutsitako muralen egilea-, proiektuaren xehetasun guztiak ezagutarazi dituzte. Hain zuzen ere, proiektua udalaren bultzadaren babesarekin jaio da, gune horretan hiri, gizarte eta kultur eraldaketan aurrera egiteko helburuarekin.

Duela urtebete baino gutxiago, 2017ko maiatzean, Udalak inguru hau berreskuratu zuen Miribilla kalea oinezkoentzat jarriz eta berriztatze osoarekin. Horretarako, milioi erdi euro inbertitu zituen inguruko auzokoek eskatu eta lehenetsitako jarduera burutzeko. Orain, eraldaketa osatzeko, hirian gune paregabea ezarri du, nortasun berezikoa, eta Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalako izaera indartsuarekin konektatzen du, baita beren aniztasun kultural eta sozialarekin ere”, azpimarratu du Ochandianok.

Auzo hauek berroneratzeko ezinbestekoa izan da kulturaren, sormenaren eta jarduera ekonomikoaren bultzada, erakarpen eragile gisa –gehitu du zinegotziak- eta hainbat adibide ditugu, besteak beste, Bilborock, BilbaoArte edo Berreginen Museoa”.

Proiektu honek duela gutxiko beste adibide batzuei jarraitzen die, esaterako, 2017ko azaroan martxan jarritako ‘Walking Street’ –Human Cities Europako aldi bereko finantzaketa izan duen proiektuaren bitartez- pertsiana edo ate metalikoen gainean hamar sorkuntza piktoriko egiteko, eta emakumearen eginkizunaren aldarrikapena ildo nagusitzat hartuta; edo Bilboko nazioarteko arte publiko muralaren lehen katalogoa ateratzea, 2016ko amaieran martxan jarrita, non Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalako hainbat fatxadatan hogei obra jarri ziren.

Gainera, ekimena Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalarako ‘Auzokizuna 2020’ Jarduera Plan Partekatuan ere kokatzen da, zonaldean bizi-kalitatea eta bizikidetza hobetzeko helburuarekin.

Olio Muralak

Gaur ‘Aretxaga-Miribilla’ Gunea ‘apaintzen’ duten muralak aurkeztuko ditugu, eta inguruko kaleetako gainerako obretatik bereizten den berezitasun bat dute, eta Hirian kasu bakarra da, kanpoan gutxi edo batere erabiltzen ez den teknika batekin eginda daudelako: olio-pintura, Andoni Eubaren obran etengabea.

Lehena, izaera iraunkor edo estatikokoa, 3,8 x 3,8 metroko murala horman zuzenean margotuta. ‘Arranoak Vs Droneak’ eszena irudikatzen du, gaur egungo irudi garaikidea eta adierazgarria hartuta, eta bi elementu desberdin horien arteko gatazka eta bizikidetza azalduta, natura eta gizakiaren sormena eta teknologia berriak aurrez aurre.

Bigarrena “instalatutako” 3x2 metroko mural mugikorra da, eta hiru hilean behin aldatuko da bi urtez, eta guztira 8 obra izango dira ex profeso sortuta argazkietatik abiatuta, Andoni Eubaren eta Stanislav Sadovy Ukrainiako pintorearen arteko lankidetzari esker, haren Rho Team taldeko kidea baita. Oraingoan, gunea Eubaren seme nerabearen irudi batekin inauguratu da. Obrak nerabezaroaren misterioarekin eta erakarpenarekin jolasten du, eta irakurketa bikoitz batean Rembrandt-en ‘Heindrickje bainua hartzen’ margolana gogorarazi lezake.

Proiektua babesten duten enpresak: Finsa, Weber, Saint Gobein eta Aplimo.

Andoni Euba

Andoni Euba, Bilbon jaioa 1962an, Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 1985ean, eta urte horretan bertan hirugarren saria lortu zuen Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gure Artea lehiaketan. Geroztik, sariak eta bekak haren ibilbidea sendotzen hasi ziren, eta Donostiako San Telmo Museoan 1994an egindako erakusketa baten ostean, San Frantziskora (AEB) joan zen, eta hiri horretan bizi izan da 10 urtez, Chaterine Clark galeriak ordezkatuta. Gainera, New Yorken ere lan egiten du Jay Grimm galeristarekin.

Hainbat bilduma publikotan egon da, besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoan, Gasteizeko Artium Museoan, Donostiako San Telmo Museoan edo Nafarroako eta Iruñeko Museoan; Eubak aldizkari espezializatuetan kolaboratu du, sarritan erakusketak egin ditu ARCO Madrileko Arte Garaikideko Nazioarteko Azokan, eta erakusketa kolektiboak egin ditu Mexikon, Japonian, Alemanian, Erresuma Batuan, Portugalen, Argentinan, Suedian edota Finlandian, baita indibidualak ere, San Frantziskon, Bilbon edo Madrilen, besteak beste.