Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute

uriola.eus 2018ko mar. 21a, 09:40

Apirilaren 14an hasiko da, Bilbon, azken txapelketan erabili zuten formatuarekin: hamahiru sailkatze saio egingo dituzte udaberrian, eta kanporaketak, berriz, urrian izango dira. 78 bertsolarik hartuko dute parte sailkatze saioetan.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute eta 2016an ekin zion egitura berberari eutsiko dio aurten. Udabarriko Fasearekin hasiko dira lehian eta udazkenean jarraituko dute hurrengo faseekin.

Aurtengo Udabarriko Fasean 78 bertsolarik eman dute izena. Aipatu behar da eskualde guztiek daukatela ordezkaritza. Kopuru hori kontuan hartuta, hamairu saio egongo dira aurtengo Udabarriko Fasean, sei bertsolarikoak. Fase honetatik puntuazioz sailkatuko dira Udagoieneko Fasera. 

Udagoieneko Fasea urrian hasiko da. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu. Kanporaketetara 2014an finalista izandakoak batuko zaizkie Udabarriko Fasetik sailkatuei. 30 lagunek parte hartuko dute guztira fase horretan (2014ko zenbat finalistak izena ematen dutenaren arabera, horrenbeste bertsolari pasako dira Udabarriko Fasetik udazkenekora). Finalaurrekoetan, berriz, 2016an finalista izandakoak sartuko dira.

Bertsolariak

Lehen aipatu dugun bezala, eskualde desberdin guztietako ordezkariak egongo dira aurtengo txapelketan. Bilbok bertsolari honek izango ditu txapelketan lehiatzen: Markel Baroja, Ander Anakabe, Mikel Aiartzaguena Deustuarrak, Joseba Barandiaran, Axier Goñi, Asier Urkiza eta Mikel Galartza.

Horrez gain, negu honetan Alde Zarrarreko Erronda kaleko tabernetan ospatu zuten Bertso Errondan ibili ziren bertsolariak txapelketa honetan ere parte hartuko dute. Horien artean finalera heldu ziren Aissa Intxausti Lekeitiarra, Unai Mendiburu Algortarra, Iker Apraiz Atxondoztarra, Ander Ucelay Artzentalestarra edota Sopelako Paule Loizaga berriro bertsotan ikusteko aukera egongo da.

Saioak

Udaberriko Faseko saioen datak eta parte hartzaileak argitaratu dituzte. Guztira 13 saio izango dira eta 11 herritan jokatuko dira. Izan ere, bi herritan bakoitzean saio bi jokatuko dira, bat goizean eta bestea arratsaldean. Goizetako saioak 12:00etan izango dira, eta arratsaldeko guztiak, 17:30ean.

Bilbon, Udaberriko Fase honetan saio bakarra egongo da, lehiaketari hasiera emango diona hain zuzen ere. Aipatu bezala, Txapelketa apirilaren 14an hasiko da Bilboko BBK Aretoan arratsaldeko 17:30ean.

Sarrerak

Udabarriko Faseko sarrerak txarteldegian erosi ahal izango dira, ez dira aurretiaz salduko. Txarteldegia saioa hasi baino orduerdi lehenago zabalduko da. Prezioa: 3 euro; bazkideek, 2 euro; 16 urtetik beherakoek, doan.