"Ikasi" egin du azken urteotan Mikel Inunziaga Inun musikariak. Horrela aitortu du. Eta horregatik, 'Aingurak' bere hirugarren diskoa zainduagoa eta sendoagoa da. Aurreko bi lanen ('Berreginez' 2014 eta 'Da Nola' 2016) "hibridoa" ere bada. Badu lehenengoaren freskotasunetik eta bigarrenaren poesiatik. Eta badu hobekuntzarik ere. Hobekuntzak detaileetan nabari direla dio egileak, besteak beste, ekoizpen garbiagoan edota instrumentazio landuagoan. Zeregin horietan lagun izan ditu Ruben G. Mateos, Dani Tomas, Ekain Alzola, Bihotz Gorospe eta Sergio Mayoral.
Gizakiaren kezkak eta gogoetak aipatzen ditu diskoa osatzen duten zortzi abestietan. Letrak idazteko gustuko dituen idazleengana jo du Inunek. Jon Benito, Iñaki Mendizabal eta Iñigo Astizegana. Gustuko idazle ez ezik lagun ere baditu. Benitorena da, esaterako, Aingurak erreketan olerkia, diskoari izena eman diona. Ainguraren "indar sinbolikoak" harrapatu du Inun, eta aingurak sarri aurki daitezke abestien hitzetan eta melodietan.
Lehen zuzenekoa gaur
Loraldia jaialdiaren baitan 'Aingurak' aurkezteko, gaur, eskainiko du lehen zuzenekoa 22:00etan Kafe Antzokian diskoa grabatu duen bandarekin (sarrerak 10€). Baina Inunek formatu txikia ere atsegin du eta ez du baztertu aurrerantzean zuzenekoetan formatu txikira jotzea.