Bizkaiko lapurren gobernadorea

uriola.eus 2018ko mar. 23a, 10:10

Hektor Ortega historialari eta kazetariak Tretatxu, lapurren gobernadorea (Txertoa, 2018) liburua idatzi du. "Bizkaiko lapur danen gobernadorie" esaten zioten Tretatxuri, eta bere gomuta gaur egunera arte heldu da ahozko tradizioaren bidez.  

Bautista Landa Tretatxu edo Tretatxu Larrauriko (1716-1761) lapurra izan zen. Baina ez edonolakoa, auzitegietan agiri sorta lodiak eragin zituenetakoa baizik. Legez kanpo karrera laburra egin arren (1751-1753), milaka orrialde idatzi zituzten haren kontrako salaketa eta frogekin. Zorionez, gehienak gorde egin dira eta ikertzaileen esku daude. Horiek baliatu ditu egileak, Hektor Ortega Lahera historialari eta kazetariak, Landaren bizitza berreraikitzeko. Laurri jaioterritik Baionara, handik Iruñera, Gipuzkoan barrena ibili zen legez kanpoko ekintzetan. Ezagunak dira, esaterako, mendateetan burututako lapurretak. Baina ez zen lapurretara mugatu. Tretatxuk ihesaldietan eta segadetan parte hartu zuen, baita tabako kontrabandoan ere. 

Historia liburua da eta, egilearen hitzetan, "nahiko berritzailea" liburu formatuan euskal bandolero bati eskainitako lehen biografia baita. 

 

Bandolero sozialak

Hektor Ortega, haratago jo nahian, Euskal Herrian bandolero sozialik egon ote zen galderari erantzuten ahalegindu da. Baserritarrek heroi eta mito bihurtu zuten bidelapurrik, alegia. Orain arteko ikerketen arabera, kasu bakarra dago. Manuel Antonio Madariaga Patakon-en kasua. Baina Patakonez gain, Ortegak defendatzen duen tesiak dio gehiago egon zirela, eta horietako bat Tretatxu izan zela. 

 

www.elkar.eus