Etorkizunari eskua emateko giza katea

uriola.eus 2018ko mar. 23a, 09:15

Argazkia: @gureeskubilbo

Gure Esku Dago herri ekimenak ekainaren 10ean antolatu duen giza katea Zorrotzan, Txurdinagan eta Uribarri-Kastañosen aurkeztu eta gero, gaur, 19:00etan La Bolsa udaltegian Bilbo mailako aurkezpena egingo dute. Aurkezpenekin batera zabaldu dira izen-emateak.

Herriz herri eta auzoz auzoko aurkezpen ekitaldiak ari dira antolatzen tokian tokiko Gure Esku Dagoko (GED) taldeak. Aurkezpenekin batera zabaldu dira ekainaren 10eko giza kateko izen-emateak. Datozen egunetan Internetez saretzeko aukera ere zabalduko da www.gureeskudago.eus webgunean.

Hiru hilabete barru giza kate batean batu nahi ditu Gure Esku Dagok 100.000 lagun baino gehiago, eskuz esku, "arrazoiez betetako zapiekin", "etorkizunari eskua emateko". Donostian hasi, Bilbotik pasa eta Gasteizko legebiltzarraren atarian amaituko da mobilizazioa.

Gaur Bilbo mailan aurkeztuko dute bai egitasmoa bai izen-ematea GEDren kideek. Hitzordua 19:00etan da La Bolsa udaltegian.

 

Arrazoi bilketa

Herritarron Itunerako arrazoi bilketa "ere martxa onean doala" adierazi du GEDk. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako mahai-inguru zikloa amaitzearekin batera hasi dira saio parte hartzaileak herrietan.