Euskaltzaindiak Mendeurreneko egitarauaren atal bat aurkeztu du, gaur, Bilboko egoitza nagusian. Aukeran dantza taldeko kideak izan ditu bidelagun agerpenean, eta bertan, Mendeurreneko logoa erakusteaz gain, 2018-2019an zehar antolatuko diren nazioarteko kongresuen berri eman du. Aurretik, Mendeurreneko ospakizunen asmo eta helburuak ere aletu dira, xede nagusia azpimarratu dela, behin eta berriz, hau da, gizarteari begira jarri dela Euskaltzaindia, "euskal gizartearen beharrizanei behar bezala erantzuteko".
Guztira, bederatzi izango dira Akademiak antolatuko dituen nazioarteko kongresuak, 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean egingo direnak. Euskararen lurralde guztietan egingo dira, Euskaltzaindiaren batzorde, lantalde eta egitasmo guztien parte hartzearekin. Halaber, Akademiaren jardun eremu eta aztergai guztiak jorratuko dira kongresuotan.
Gaurko agerpenean parte hartu dute Andres Urrutia euskaltzainburuak, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Ibon Usarralde Mendeurreneko batzordeko bateratzaileak. Andres Urrutia pozik eta "hunkituta" azaldu da hedabideen aurrean. Euskaltzainburuak azpimarratu du aurtengo hau "urte esanguratsua" dela Akademiarentzat, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko "indartsu" dagoela esan du, "guk bete-betean egon nahi dugulako XXI. mendean, eta esango nuke azken 10-13 urteotan egin ditugun aldaketa eta esfortzuekin, helburutik hurbil gaudela. Azkenaldian, gainera, areagotu egin dira bide horretatik doazen gure eginbideak. Uste dugu aldaketa horiek nabaritzen direla eta ondorengo bi urteetan ere nabarituko dira. Besteak beste, Mendeurrena hori dena guztia erakusteko baliatu nahi dugu, hots, XXI. mendean jarri nahi dugula zangoa, behingoz".
Urrutiak onartu du badagoela zer egin, Akademiak badakiela zeintzuk diren bere on-gaitzak, baina, baita ere, ondotxo ezagutzen dituela bere betekizunak. "Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa aspaldikoa da, baina azkartu eta indartu egin behar dugu", gaineratu du euskaltzainburuak.
Honela, Euskaltzaindiak Mendeurrena baliatu nahi du "euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko", eta, bide batez, dei zabal bat egin nahi dio euskal gizarte osoari. "Hain zuzen, aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu", nabarmendu du Urrutiak.
Egitarau akademikoa
Ekitaldi instituzionalak, akademikoak eta artistiko-kulturalak antolatuko ditu Euskaltzaindiak bere Mendeurrena ospatzeko. Joan den ostiraleko agerraldian, mendeurrenaren egitarau akademikoan zentratu ziren Euskaltzaindiako ordezkariak. Guztira, 9 jardunaldi izango dira, 2018ko irailean hasi eta 2019ko iraila bitartean, euskararen lurralde guztietan, nazioarteko mailakoak, eta Euskaltzaindiaren jardun eremu eta aztergai guztiei buruzkoak.
Logotipoa
Sagrario Aleman euskaltzainak Mendeurreneko irudi berria aurkezterakoan aipatu du, 100 urte, eta Euskaltzaindiaren eginbeharrak eta helburuak "ez direla ia aldatu; egiteko moduak eta harreman-sareak, ordea, bai". Hori bera islatu nahi izan dute mendeurrenaren logo berriarekin, "gure betiko zuhaitzari beste itxura bat emanez, irekiagoa eta dinamikoagoa. Etorkizunari begira jarri gara, ezbairik gabe".
Deia euskal gizarteari
Bete-betean egon eta bizi nahi du Euskaltzaindiak XXI. mendea. Azken 10-13 urteetan egindako aldaketa eta ahaleginekin, "helburutik gertuago gaudela", adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Azkenaldian, gainera, areagotu egin dira bide horretatik doazen eginbideak. Aldaketa horiek nabaritzen ari dira, eta ondorengo bi urteetan are gehiago nabarituko dira. Besteak beste, mendeurrena hori guztia erakusteko baliatu nahi dute Euskaltzaindiako kideek.
Hori horrela, Euskaltzaindiaren zerbitzu-bokazioa azkartu eta indartu dute. Eta ez dira horiek berba hutsalak Urrutiaren esanetan: "Sare sozialetan gaude -Youtube, Instagram, Twitter eta Facebooken-; Hiztegia digitalizatu genuen 2016an, eta aldian aldiko aldaketak sarera igoko ditugu sei hilabetero; azken urtean egin ditugun liburuak euskarri digitalean atera ditugu baita, guztion eskura jarriz; aurten webgunea aldatuko dugu, erabiltzaile arruntaren mesedetan; Euskal Herriko gizarte eragile eta erakunde ofizialekin etenbako harremanak ditugu, beraiekin edozenbat egitasmo antolatu eta partekatu ditugula; gure egoitzen ateak zabaldu ditugu, musika emanaldiak eta bisita gidatuak eskainiz publiko zabalarentzat, euskalgintzako eragile eta elkarteei harrera eginez, horiek ere erabil ditzaten".
Izan ere, "inoiz baino gardenagoa" nahi dute Euskaltzaindia, eta "inoizkorik hurbilena eta dinamikoena ere" izaten saiatzen ari da Akademia. Jakitun dira aldaketa bide horrek etengabekoa behar duela izan, eta horretarako prestatzen ari dira, etorkizunari so.
Batez ere, Euskaltzaindiak Mendeurrena baliatu nahi du "euskararekin, euskal kulturarekin eta euskal gizarte osoarekin duen konpromisoa berriztatzeko", eta, bide batez, dei zabal bat egin nahi dio euskal gizarte osoari: "Hain zuzen, aldi berriari, XXI. mende korapilatsu baina itxaropentsu honi, ilusio berrituarekin ekiteko deia, denok baikara ezinbestekoak euskara biziberrituko badugu".
"Euskaltzaindiak nahi du, eta behar du, euskararen alorreko eta, oro har, euskal kulturaren eta bestelako alorreko gizarte-eragileekin batera jardun, ahalik eta modu zabalenean. Horretan jarriko ditu indarrak ondorengo urteetan".
Eta, azkenik, euskara eta euskal kulturaren aldetik, "indartsu eta baikor" dagoela erakutsi nahi dio Euskaltzaindiak euskal gizarteari, zailtasun guztien gainetik. "Gu ez gaude hiltamuzko lantu eta auhenerako. Kezkatzeko eta arduratzeko bai, baina baita baikor eta itxaropentsu jokatzeko ere".